Mostrando entradas con la etiqueta IGANDEROKO EBANJELIOAK. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta IGANDEROKO EBANJELIOAK. Mostrar todas las entradas

GOURPUTZ BAT ZU GORATZEKO


 

GOURPUTZ BAT ZU GORATZEKO:

Kristoren piztuera ospatu, Espirituaren dohaina sumatu eta Trinitatearen misterioan sakondu eta gero Corpus Christi, Besta Berri, ospakizun ederra dugu igande honetan. Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Baliotsuak, Eukaristian dagoen Kristoren egiazko presentzia, ospatzen dugu igande handi honetan. Kristo bizi da fedean, Eukaristian, baita Elizan, Jainkoaren herrian ere. Kristo burua da, Eliza Haren gorputza eta gu bakoitza Haren atalak.

“Gorputz bat guztiok Zu goratzeko”. Goratzarre hau haurren mezako eukaristi otoitzean kantatzen da. Haurren meza horrek Elizak ospatzen duena ongi irudikatzen du. Sagarako otoitzean, mezan, Kristorekin gorputz bat garela aitortzen dugu. Eliz artzainekin, kristau guztiekin, santuekin, aingeruekin, gure hildakoekin… denak batera gorputz bat Jainkoa goratzeko.

“Ecclesia de eucharistia” edo “Eliza eukaristiaz bizi da”. Hau da Joan Paulo IIk egin zuen azken entziklika, 2003an argitaratua. Eliza eta Eukaristia elkarrekin doaz beti: Elizak badu Eukaristiaren premia, eta Eukaristiak Eliza gabe, kristau herria gabe, ez du zentzurik.

Ospa dezagun Korpus igande argitsua, prozesio eta ospakizun ederrak eta egiazkoak prestatuz. Erakuts dezagun Kristoren Gorputzari diogun maitasuna bai gure bizimoduan, bai Eukaristian dagoen presentzia bizian, baita Kristoren gorputza den Elizan ere.

ELIZAREN UDABERRIA


 

ELIZAREN UDABERRIA:

Mendekoste, Espiritu Santuaren etorrera. Bestaburu honekin bukatzen dugu Pazko aldia. Espiritua gure artean dugun Jainkoaren presentzia bizia da. Espiritua gure munduan modu ezberdinetan egoten da. Presentzia batzuk ezagunak: Elizan, sakramentuetan, otoitzean eta besteak ez hain ezagunak. Jauna gurekin dago mila modutan.

“Era askotakoak dira dohainak, baina bat bera Espiritua” San Paulok gogoratzen digu korintoarren epistolan. Espirituak bere lana egiten du, batez ere Elizan, Jainkoak behar duguna beti ematen digu. Vatikano II Kontzilioa eta gero Espirituak elizaren barrena biziarazten du. Nola? Batez ere eliz mugimendu eta errealitate berri ezberdinetan.

Gure kristau gizarte tradizionala aldatzen ari da, baina horren ordez, Espirituak beste hainbat bide zabaltzen dizkigu. Elizan bada aniztasuna, dohain asko, errealitate ezberdinak loratzen dira. Juan Pablo II egoera hori ikusirik Elizaren udaberriari buruz mintzatu zen, esperantzazko seinaleak azpimarratuz. Kristau guztiok elizaren aberastasun hori ezagutu, estimatu eta zabaldu beharko genuke.

Ospa dezagun igande honetan Elizaren, Espirituaren egun berezia. Kristauok Espirituaren dohainaren testiguak izatera deituak gaude. Konfiantza osoz, besta honetan eska diezaiogun Espirituari: “Zatoz eta bete bihotzak, piztu gugan maite sua”.

ESPIRITUA LAGUN



ESPIRITUA LAGUN.

“Laguntzaile bat emango dizuet”.

Pazkoaldian Kristoren Piztueran sakontzeko katekesiak jasotzen ditugu. Jauna Berpizturekin topaketak, Artzain Onaren irudia, besteak beste. Pasa den asteko Jaunaren Hitzan pertsonaia berri bat agertu zen: Espiritu Santua. Espirituak biziarazten gaitu, Espirituaren tenpluak izatera deituak gaude. Igande honetako ebanjelioan berriro Espiritu Santua agertzen zaigu, Jesusek Egiaren Espirituari buruz hitz egiten digu, Espiritua kristauon laguntzaile da, gurekin egoten dena.

“Senide maiteok: prest egon beti zeuen itxaropenaren arrazoibidea emateko era onean eta begirunez” dio San Pedrok igandeko bigarren irakurgaian. Espirituaren tenpluak izateak badu bere ondorioa: egiaren testiguak izan. Espirituak egian bizitzera eramaten gaitu. Bizimodu on batek, Jainkoaren graziak mugitzen duen bizi batek, ematen du testigantzarik hoberena: umila izanez, era onean eta begirune osoz ibiliz.

Espirituaren laguntza dugu, haren indarra eta kontsolamendua jasotzen ditugu. Baina horrek guztiak gure inguruan besteen bidelagun izatera eraman behar gaitu. Erne egon gaitezen bada gure ondoan ditugun senideei begira eta haiei Jainkoaren goxotasuna eskainiz.

Bukatzeko Asisko San Frantziskoren otoitz bat konpartitu nahi nuke: “Egin nazazu, Jauna, kontsolatzaile kontsuelo bilatzaile baino, ulertzaile ulermen bilatzaile baino, maitale maitasun eskale baino”.

 

SALBAMENAREN ATEA


 

SALBAMENAREN ATEA:

“Ni naiz ardien atea”

Pazkoaldiko ospakizunekin jarraituz, igande honetan Jainkoaren maitasunezko zainketei begiratzen diegu. Ebanjelioak artzainaren irudi kontsolagarria eskaintzen digu gure Aita Onaren goxotasuna eta leialtasuna irudikatzeko. Artzainaren irudia hurbil daukagu, bihotzekoa eta herrikoia da.

Urtero Pazko aldiko laugarren igandean Joan ebanjelariaren hamargarren atala irakurtzen da, honetan Artzain Onaren irudia agertzen da, baina testua zatituta dago eta ziklo bakoitzean detaile ezberdinak agertzen dira. Ziklo honetako mezua argi dago: Kristo atea da, sarbidea. Betiko bizitzaren larretan sartzeko merezimendu bakarrak Kristorenak dira.

“Extra ecclesia nulla salus” “Elizatik kanpo ez dago salbamenik” dio kristau tradizioko esaldiak. Salbamena, bekatuen barkamena, Jesusengandik dator eta Kristori jarraitzeko leku bakarra eliza da, Jainko Herria.

“Lapurra ez doa artaldea ostu, hil eta hondatzera baizik” Gaur egun salbamen txikien promesa asko sartzen da gure bihotzeko artaldean: ospea, dirua, arrakasta, itxura, eroso bizitzea, politika… besteak beste. Baina bide horiek ez dira betiko bizitzako bideak.

“Ni naiz egia, bizia eta bidea” dio Jaunak. Bera da Salbamena, bekatuen barkamenaren iturria, zeruko larrean sartzeko atea. Izan gaitezen Jaunaren lekukoak, salbamenaren testiguak. Erakutsi diezaiegun gure ondokoei bizitzaren bidea, Kristorena, Bera bizia ugari gugan isurtzeko etorri bait da.

JESUS ZUTAZ FIDATZEN NAIZ

 

JESUS ZUTAZ FIDATZEN NAIZ:

“Bedeinkatua Jaungoikoa, bere erruki haundiaz itxaropen bizirako sortu baikaitu” dio igandeko bigarren irakurgaiak. Pazko bigarren igande honetan Kristoren piztuera ospatzen jarraitzen dugu. Pazkoaren bigarren igandeak “errukiarena” izena du. Aita Santu Joan Paulok II erabaki zuen izendatze hori Jaunaren errukia azpimarratzeko. Jaunaren Errukia ez da zerbait berri, Itun Zaharrean oinarrituta dago, baina debozio hori XX mendetik aldi honetara zabaldu egin da Santa Faustina Kowalskak egin zuen Jainko Errukiaren irudiaren bidez. Irudi ospetsu honetan mezu bat ageri da: “Jesus zutaz fidatzen naiz”.

“Ez izan sinesgogor, sinestedun baizik” dio Jaun Berpiztuak Tomas ikasleari. Ikasleak, Kristo Berpiztuaren aurrean, fedezko irakaspen bat hartzen du. Jaunak Bere errukiaren bidez Tomasen sinesgabetasuna zuzentzen du. Apostoluak, umilki, irakaspen hori onartzen du Kristoren jabetasuna aitortuz.

“Bakea zuei” Hau da Pazko agurra, Kristo Berpiztuak utzi digun ondorio kontsolagarria. Zabal dezagun bake hori mundua alaituz, errukiorrak izanez, Jainkoaz fidatuz, baikorrak izanez, guztien zauriak sendatuz... Bete ditzagun gure egunak biziaz, Jainkoak nahi duen eta egiten duen modura. Fidatu gaitezen Jesukristoz, Bera da eta biziaren Jauna, guztiz errukitsua.

JAUNA MORROI IZAERAZ


 

JAUNA MORROI IZAERAZ:


“Kristo Jesusek ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari morroi izaera hartuz” esaten die San Paulok Filipotarrei Erramu igandeko Jaunaren Hitzan. Isaiasen profeziak ere Jaunaren zerbitzariaren kantika aurkezten digun honetan profetak Kristoren Nekaldia aurreratzen du. Bestalde Erramu igandean Mateoren Nekaldia entzungo dugu. Mateo ebanjelariak nekaldian Itun Zaharreko erreferentzia asko dauzka, modu honetan profezien betetzea irudikatzen du.

Aste Santuan Kristok morroi aurpegi ezberdinak aurkezten dizkigu, beraz Haren zerbitzuan sakontzeko aukera ona da aste berezi hau. Erramu igandean Jesusek Jerusalemgo herriaren goratzarrea onartzen du. Tenpluan Aitaren mezua zabaltzen du, argi eta garbi mintzatuz. Ostegun santuan, Azken Afarikoan, Jaunak zerbitzu jarrera erakusten digu oinak garbitzerakoan eta maitasun legea ematerakoan. Ostiral santuan, nekaldian, Kristok Isaias profetak iragarri zuena betetzen du, Jaunaren Zerbitzaria gurutzean josirik azaltzen da.

“Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen” esana zuen jada Jaunak Azken Afarian. Zerbitzuak kristauaren jarrera behar du izan beti. Ze motako jokabide eduki familian, gizartean, kristau elkartean, elizan….? Zerbitzua.

Ospa dezagun Jaunaren Nekaldia eta Piztuera. Begira diezaiogun Jaunari egun berezi hauetan Jaunak gure alde egiten duena hausnartuz. Pazkoan berritu dezagun kristau fedea Jainkoari eskerrak emanez eta Bera senideetan ikusiz eta zerbituz.

PIZTUERA ETA BIZIA


 

PIZTUERA ETA BIZIA:

“Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da”. Garizumako bidean azken pausoetan gabiltza. Badakigu aldi berezi honetan irakaspen berezi batzuk jaso ditugula: ur biziarena, argiztapenarena… bukatzeko, biziaren irakaspena dator. Azken katekesiak, Lazarorenak, esanahi sakon bat dauka: bataioa bizi berri batera jaiotzea dela. Lehenengo kristauentzat, baita gaur egun helduen bataioa hartzen dutenentzat ere, bataioak bizi aldaketa dakar: bizi berri batera jaiotzea, Lazaro bezala.

Jesus bizi emaile. Judutarrek, Lazaroren berpizte miragarriarekin, ongi ulertu zuten Jesusen mezua: Jesus dela Jauna, Jainkoa. Ezekielen profezia gogora dezagun: “Zuen hilobiak irekitzean, jakingo duzue ni naizela Jauna”.

Baina berpiztea ez da heriotza ondorengo biziarentzat bakarrik: gure munduan posible da berritik hastea, bizimodua aldatzea. Agian, poztasunik gabe, esperantzarik gabe, gabiltza. Baina garizuma gure fedea eta itxaropena pizteko denbora aproposa da. Graziazko denbora da.

Ernatu gaitezen! Jaiki gaitezen!, Lazaro bezala. Jesus bera, bizi emailea, gure aldean, gure ondoan. daukagu. Finkatu dezagun gure itxaropena Jesusengan. Hausnartu dezagun Paulok esaten diguna. “Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita”.

ARGITSUAK

 


ARGITSUAK:

Garizumako laugarren igande honetan Pazkorako bide erdian gaude. Katekumenoek, bataiatu baino lehen, azken katekesiak hartzen dituzte. Kristo ur biziaren iturria, samaritarraren pasartean ikusirik, honetakoan Bartimeo itsuaren mirarian argiaren katekesia dugu. Lehen kristauen artean bataioak “argiztapena” izena ere bazuen. Bataioak Jainkoaren begiradari zabaltzen gaitu. Kristauok munduan argi izatera deituak gaude… Nola? Jainkoaren begirada mundura eramanez.

Datorren 19an San Jose eguna ospatuko dugu. Jose gizon argia, bihotz eta begi garbien eredua. Jose argitsuak Jainkoaren planari baietza ematen dio. Jose errukitsuak Mariari bihotz onarekin begiratzen dio, Birjina Jesus Haurrarekin batera onartuz. Gaurko gizarteak garbitasunaren eta argitasunaren premia berezia dauka. Kristauok San Joserengan etsenplu bikainena eduki dezakegu.

Bestalde San Jose egun berean gure Nafarroako Elizak Seminarioaren Eguna ospatuko du. Gaur egun Seminario bat zabalik edukitzea argizko, esperantzazko seinale bat da. Argi xumea (zazpi apezgai gutxi da) baina argi bizia! Egoera honetan argi hori mantentzea nafar kristauen interesa da… zein da erregaia? Otoitza, kontzientziazioa, Elizaren irudi on bat eskaintzea, dirulaguntza…

Garizumako gure ekintzek gure barnean fedearen sua pizteko balio dezatela. Pazko Beilan, zuziaren argia piztu baino lehen KRISTOREN ARGIA!! kantatuko dugu, ESKERRAK ZURI JAUNA!! erantzunez. Presta ditzagun beraz, gure bihotzak.

ITURRIAN SAKONDUZ


 

ITURRIAN SAKONDUZ:

“Nik emandako uretik edaten duena ez da gehiago egarrituko”. Garizumako bidea aurrera doa. Pekatuaren eta Kristoren aintzaren katekesiak emanik orain hirugarren katekesia dator: urarena.

Igande honetako irakurgaiek uraren garrantzia azpimarratzen dute. Exodo liburuan Israel herriak basamortuan zehar zihoala Moisesi urik eza aurpegiratzen zion, orduan Jaunak harkaitz batetik atera zien ura. Ebanjelioak Jesus eta samariar emakumearen arteko elkarrizketa aurkezten digu. Jesusek ur biziaren irudia erabiliz andrearen bihotzean sakontzen du. Kristo samariarraren bihotzean sartzen da, ontzia putzuan sartzen den antzera, baina zer ateratzen du Jaunak? Emakumearen fedea. Emakumeak, fedez beterik gertatu denaren berria haren ondokoei zabaltzen die.

Garizuma norbera bere kristau bizitzan, bihotzean, sartzeko bide bat da. Gure garizumako ekintzen bidez Jaunak bere lana egiten du. Grazia gure barnean sartzen da poliki-poliki bihotza eta bizia berritzeko. Jainkoak gure lur agorra zulatzen du fedearen ur gozoa ateratzeko.

Aldi berezi honetan sar dezagun gure fedearen iturrian ur freskoa Pazkotan Bataioaren promesak berritzeko. Egin dezagun emakume samariarrak bezala: utz diezaiogun Jainkoari bere lana gugan egiten gero bere testiguak izateko. Gure ondoan daudenek esan dezaten: “ez dugu zuk esanagatik sinesten: geuk entzun diogu eta badakigu Hau dela egiaz munduaren Salbatzailea”.

EZ GAITZAZU UTZI TENTALDIAN ERORTZEN


 

EZ GAITZAZU UTZI TENTALDIAN ERORTZEN

Berriro Garizumako bidea hasten dugu. Hausterre egunak, “bihotz berri zaitezte eta sinistu berri ona” bide hori hasteko deialdia eman digu. Bihotz berritu eta sinistu. Egin pekatuaren kontra eta fidatu Jainkoaz… zertarako? Pazkotan, Jesus Berpizturen aurrean, bataioaren promesak berritu ahal izateko.

Garizuman Jaunaren Hitza bidelagunik hoberena da. Lehenbiziko igande honetan Jaunaren Hitzak bekatuaren gaiari heltzen dio. Hasieraren liburuak jatorrizko pekatua aurkezten digu. Tentaldia onaren eta txarraren jakinduria zuhaitzaren aurrean agertzen da, zer da jakinduria hori? Askatasuna eta erantzukizuna. Adan eta Evak tentaldiari lekua eman zioten bekatuaren ondorioak ekarriz.

Ebanjelioak, Garizuma hasteko, Jesusen tentaldien pasartea eskaintzen digu. Deabruak Jesusi hiru tentaldirekin zirikatzen dio. Ogiaren tentaldiak gure beharrei lehentasuna ematen dio, Jainkoaren lehentasuna baztertuz. Bigarrena munduko ospearena da, Jesusek ospe bakarra Jainkoarena dela aitortzen du. Bukatzeko Jainkoaren plana baztertu bidea gure modura eginez, Jesusek Jainkoari zor diogun leialtasunarekin erantzuten du.

Egin dezagun gure garizumako bidea ohiko baraua, penitentzia, limosna, ekintza onak eta otoitzarekin, bai.. baina apaltasunez. Egon gaitezen erne tentaldiaren aurrean libre ateratzeko. Garizuma honetan hausnar dezagun Gure Aitako eskaria: “ez gaitzazu utzi tentaldian erotzen, bainan atera gaitzazu gaitzetik”.

ZURE ESKU DAGO


 

ZURE ESKU DAGO:

“Desberdinkeria geldiaraztea zure esku dago”

Hau da igande honetako “Manos Unidas”, Gosearen Aurkako kanpainaren goiburua. Urtero bezala solidarioagoak eta kontzientziatuagoak izateko deia jasotzen dugu. Tradizionalki Gosearen Aurkako kanpainak arrakasta haundia du gure kristau komunitatetan. Kanpaina ez da diru bilketa bat bakarrik baizik kanpora, beste errealitatetara, begiratzeko aukera ere. Elizak errealitatea ikusten du eta munduan dagoen justizia eza eta desberdinkeria salatzen ditu.

“Bere aurrean dauzka gizonak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio” dio Siraken liburuak, igande honetako lehen irakurgaian. Jaunak bere Justiziazko Erreinuaren testigu izateko aukera ematen digu. Ebanjelioan Mendiko Hitzaldiarekin jarraitzen dugu, zoriontasunen bideak eraikitzera deitzen gaitu Jainkoak. Jainkoaren Erreinu hori nola… nola egiaztatzen da? Benetan gure esku al dago?

“Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, niri egin zenidaten” esango digu Jainkoak Azken Auzian. Mateo ebanjelariak karitatezko ekintzak zoriontasunekin lotzen ditu. Desberdinkerien kontra borrokatzea kristau guztion egin beharra da.

Begira diezaiogun munduari justizia ezak non dauden bilatuz eta salatuz. Gure kristau komunitateak lehen baino kontzientziatuagoak izan daitezela. Bete dezagun Kristok eman digun Maitasun Legea , gure bizimoduarekin testigantza on bat emanez.

MUNDUKO ARGIA


 

MUNDUKO ARGIA:

“Zure argia egunsentia bezala zabalduko da”, dio Isaiasek igande honetako lehen irakurgaian. Profetak aitortzen duenez, justiziak eta errukiak Jainkoaren argia dakarte: Jaunaren bedeinkapena eta laguntza. Bestalde igandeko ebanjelioan Mateoren Mendiko Hitzaldiarekin jarraitzen dugu. Zoriontasunen erara bizitzeak baditu bi ondorio hauek: lur honetan argi eta gatza izatea eta azkenean zeruko saria. Benetako kristau bizimoduak mundua argiaz eta zaporez bete behar luke.

Gaur egun argi indarra inoiz baino beharrezkoagoa da. Gure eguneroko erritmoan tresna asko erabiltzen ditugu eta energia ezinbestekoa da. Energia asko erabiltzen dugu eta, ondorioz, indar iturri ezberdinak bilatu eta landu behar izaten ditugu kontsumoa mantentzeko. Jaunaren Hitzak argiaren irudia erabiltzen du fedea eta kristau bizimodua irudikatzeko. Fedea eta testigantza eguneroko eginbeharra da, bainan… nondik jaso indarra argi hori mantentzeko?

“Nazioak argitzeko argi eta Israelen edergarri” aitortzen du Simeon zaharrak Jesus Haurraren aitzinean aste honetan ospatu berria dugun Aurkezpen edo Kandelero egunean. Gure fedearen, gure maitasunaren, zoriontasunaren iturri bakarra Kristo Bera da.

Jaunak argi izatera deitzen gaitu. Testigantza alaitsuena eman dezagun. Izan gaitezen elizan, gure kristau komunitatetan, gure familiatan, gure kristau bizitzan Ebanjelioaren lekukoak. Kristoren testigantza sutsu eta argitsua eman dezagun.


ZORIONEKOAK


 

ZORIONEKOAK:

“Sorioneku”. Hitz hau asko entzun da azken aldi honetan. “Irulegiko eskuan” idatzita omen dago, euskara zaharrean idatzitako lehen agirian alegia, Kristo aurreko azken mendean. “Sorioneku”, “zorioneko” zergatik? Zer ezkutatzen du mezu horrek? Pixka bat beranduago Mateok bere ebanjelioa idatziko zuen Kristo ondorengo 80. urte inguruan. Igande honetan Mateoren ebanjelioari jarraituz katekesi luze bat hasiko dugu: Mendiko Hitzaldia. Irakaskuntza hori zoriontasunekin hasten da.

“Zorionekoak gogoz behartsuak, otzanak, negar egiten dutenak, zuzentasunaren gose egarri direnak, errukitsuak, bihotz garbiak, bakegileak, erasotuak”. Sermoi honekin Jesusek bere bizi publikoa aurkezten du. Mesiasek dakarren Jainkoaren Erreinua ez da munduak espero zuena. Baina zoriontasunen mezua, Jainkoaren Erreinua gure artean Sofonias profetak anuntziatu zuen, Israelgo hondarrari buruz predikatuz. Jainkoak bakezko, maitasunezko, errukizko jendea maite du eta Berak bere lana isilean egiten du gure artean lehen, orain eta beti.

Gaur egun gure kristau komunitatetan ahuleria eta txiki izatea sumatu ditzakegu…”Israelgo Hondarra” izatea zer den ulertu dezakegu. Baina egoera honetan ere Jaunaren testigantza xumea eman dezakegu. Zoriontasunen indarra Jainkoarena da, Bera da gure zori betea. Poztu gaitezen, beraz, eta alaitu, sari haundiaren zain gauden bitartean.

JAUNAREN HITZA BATASUNAREN BIDEAN LAGUN


 

JAUNAREN HITZA BATASUNAREN BIDEAN LAGUN:

Igandean Urtean Zeharreko hirugarrena ospatuko dugu. Honetan Jaunaren Hitzaren igande berezia dugu. Igandero bai Eukaristiaren bai Hitzaren mahai inguruan biltzen gara. Igande honetako ospakizunean modu berezi batean Jaunaren Hitza estimatzera deituak gaude. Jainkoa mintzatzen zaigu, horregatik diszipulu, ikasle bakoitzak entzuteko gogoa landu behar dugu.

Gainera aste honetan Kristau Batasunaren aldeko Astea ospatzen dugu. Jainkoaren Herria zatituta dago eta berriro elkartzeko ahaleginak egin behar ditugu. Elkarren arteko otoitza batasuna eraikitzeko oinarri on bat izan daiteke. Baina, horretaz aparte, elkarrekin daukaguna baloratu eta landu behar dugu: Berri Ona, fedea, kerigma, bataioa eta, batez ere, Jaunaren Hitza. Jaunaren Hitza beti dugu lagungarri kristau bidean, baita batasuna berreskuratzeko saiakeran ere. Gure komunitatetan eta gure kristau bizitzan Hitzaren presentzia ezinbestekoa da. Nola indartu Hitzaren presentzia elizan, gure kristau elkartetan, pertsonal arloan…? Elizaren Tradizioak tresna baliotsuak gure eskura uzten dizkigu: eguneroko ebanjelioa, Biblia taldeak, Lectio divina, Orduen Liturgia… ez dugu aitzakiarik.

“Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau, goizero dit belarria ernearazten, ikasle onari bezala” (Is 50,4) dio Isaias profetak. Jaunak Bere Ahotsa aditzeko eta senideei entzuteko ahalmena ematen digu. Zabal diezazkiogun bihotza eta gogoa Jaunari.

TESTIGUAK


 

TESTIGUAK:

“Nik aitortzen dut: Hau da Jainkoaren Semea”

Pasa den astean Jaunaren Bataioa ospatu genuen Eguberri aldiari bukaera emanez. Urtean zeharreko erritmoa hartuta gaudelarik, igande honetan Joan Bataiatzailea eta Jesus berriro agertzen zaizkigu. Bataio ondoren Joanek Jesusen testigantza ematen du: Jesus Jainkoaren aukeratua dela, Israelgo herriari hitz emana zegoena, berriro Jainkoarengana eramaten gaituena. Joanen testigantza ez da berea, Jainkoarena baizik.

“Poz haundi baten berri ona dakarkizuet” dio eguberri gauerdiko ebanjelioak. Belengo artzainak bezala salbazioaren berri ona jaso dugu. Guk ere testiguak izateko deia jasotzen dugu. Eguberritan argi bat piztu da gure bihotzetan eta argi hori pizturik, bizi-bizi mantentzea da Kristoren ikasle eta testigu garenon eginbeharra.

“Gazte maiteok: bilatzen duzuen, merezi duzuen zorionak badu izen bat, aurpegi bat: Jesus Nazaretarra” esan zien Aita Santu Benediktok gazteei 2005ean. Testigantza eman ahal izateko ezinbestekoa da Kristorekin topaketa pertsonalak edukitzea. Testigantza ematea ez da hitzez mezu bat zabaltzea, hori askotan beharrezkoa izan arren. Testigantza ematea bizi bat da, barrenean daramagun Kristoren bizitza, erakustea da.

Kristoren presentzia bizia gure ondoan, gure munduan daukagu. Jainkoaren Semea, behar dugun Berri Ona, bihotzeko zoriona hurbil daukagu, eskura. Bila ditzagun Jesusen arrastoak. Izan gaitezen Jaunaren lekukoak!

JAUNAREN BATAIAOA


 

JAUNAREN BATAIAOA

Jaunaren Bataioaren besta ospatzen dugu, ospakizun honekin Eguberriko denboraldia akitu da, hurrengo igandean gure eguneroko erritmoa berreskuratuko dugu. Eguberri aldian Jaunaren etorrera ospatzen dugu, baina…zertarako etortzen da Jesus? Gaurko bestak erantzuna ematen digu: bekatuaren zamatik askatzeko.

Aldi hartako judutar zintzoek, baita gu ere, garbitzeko, barkatzeko, bihotz berritzeko beharra Jainkoagan hurbilago egoteko onartzen zuten. Horregatik Jesusi bekatarien lerroan ikustea bataioa hartzeko arraroa iruditzen zaigu. Jainkoa, santua, bekatu gabea, bekatariengana, guregana hurbiltzen da. Jesusek hurbiltasun horrekin Jainkoaren benetako aurpegia erakusten digu: Jauna ahulen ondoan dago “kanabera pitzatua ez du hautsiko, doi-doi piztua dagoen metxa ez du itzaliko” Isaias profetak ots egiten du. Jainkoaz fidatu gaitezen, bere hurbiltasunak bizi berri batera eramaten gaitu.

Bataioagatik bekatuari uko egin diogu baina gure ahultasunak berriro bekatu egitera eramaten gaitu. Ala ere ez dugu amore eman behar!. Jauna beti prest dago guri barkamena emateko, bataioaren garbitasuna berriro itzultzeko. Horregatik Elizak barkamenaren sakramentua, aitortza, eskaintzen du. . Sakramentu honetan Espiritu Saindua guregana etortzen da, Jordan ibaiaren antzera. Jaunaren ahotsa gure barrenak ere entzun dezala “Hau da nire semea, nire maitea, berau dut atsegin”.

URTEBERRIA MARIAREKIN


URTEBERRIA MARIAREKIN:

“Mariak gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz”

Igande honetan Andre Maria Jainkoaren Amaren bestaburua ospatuko dugu. Jaia urtarrilaren batean ospatzen da, hau da: Urteberri egunean. Urteberri etxean ospatzeko eguna da, familia biltzeko eguna. Horregatik Ama Mariak bere lekua eduki behar du urte berriaren hasiera honetan.

Urte berri bat hastean proiektuak, ideiak, asmo onak, agertzen dira. Batzuetan zerbait aldatzeko edo hobetzeko gogotan gabiltza eta hori seinale hona da. Baina berehala edo errealitatea edo gure ahuleria agertzen da. Egoera honetan…non finkatu gure asmo onak? Non bilatu indarra? Zertaz fidatu? Begira diezaiogun Mariari.

Maria Eva Berria da, hala deitzen dio Elizako Tradizioak. Maria Jainkoaren Ama ospatzerakoan Maria Jaunarena dela adierazten dugu. Noren planak dira Mariarenak? Jainkoarenak. Horregatik, nahiz eta estualdi gorriena ezagutu, konfiantza eta fedea gure Amak ez zituen galdu. Mariak fedea bere bihotzaren intimitatean gorde zuen, altxorra kutxan gordetzen den bezala.

Urte berrian lehenaldiari errukiarekin eta geroari esperantzarekin begiratzeko aukera dugu. Ikas dezagun Mariaren, Amaren, jokabidea: Jainkoaren nahia bilatu, onartu, eta bihotzean hausnartu. Finkatu dezagun gure bizitza Jaunagan. Berak deitzen gaitu ez urte berri bat bizitzera, gizadi berri izatera baizik. 

 

BIZILEKUA


 

BIZILEKUA:

Eguberriak. Emanuel “Jainkoa Gurekin” Haurraren sortzea ospatzen dugu. Eguberri eguneko liturgia oso aberatsa da. Lau meza ezberdin ospatzen ditugu; hots: bezperakoa, gau erdikoa, goizeko meza eta meza nagusia. Ospakizun bakoitzak badu bere giro eta Jaunaren Hitza propioa; kolaborazio honetan meza nagusiko ebanjelioarekin geldituko gara.

“Eta haragi egin zen eta gure artean jarri zuen bizilekua” dio Joanen ebanjelioaren hasierak. Jaunak gure artean bere bizilekua, bere oihal-etxola jartzen du. Oihal-etxola bideko bizileku bat da, Jauna bideko laguna, konpainia da guretzat. Israelek basamortuko ibilaldian Elkarketa-Etxola zuen Jainkoaren hurbiltasunaren seinale bezala. Jainkoak gurekin bizia eta bidea konpartitu nahi ditu.

“Hedatu beldurrik gabe zeure egoitza-oihalak, luzatu lokarriak” (Is 54,2). Urte honetan Elizan sinodoaren bide berri bat hasi da. Sinodoaren helburua Jainkoaren urratsak elkarrekin bilatzea eta jarraitzea da, besteak beste. Elizbarrutiko lana eginik orain kontinenteko fasea hasi da, fase hori irudikatzeko oihal-etxolaren irudia erabiltzen da, Isaiasen profezia erabiliz. Elizak ibilaldi honetan begirada zabaldu nahi du harrera-etxe izateko, Jainkoaren babesa munduan zabaltzeko.

Gabonak elkarrekin bizitzeko egunak dira, familian egoteko, lagun artean ospatzeko egunak. Egun hauetan bihotza zabaltzeko eta senideen artean Jaunaren urratsak bilatzeko aukera ederrak aurkitu ditzakegu. Jaunak gure artean du bizileku! Zabal ditzagun bihotzak.

ETXEAN HARTU


 

ETXEAN HARTU:

“Dabiden seme Jose ez izan beldurrik, Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko”. Mateoren ebanjelioak aingeruak Joseri egin zion bisitaldia eskaintzen digu. Josek Jainkoaren plana onartzen du. Gizon santu honek Jaunaren nahia bihotzean hartzen du, Mariarekin batera.

“Abendualdi” hitzak “etorrera” esan nahi du. Denbora berezi honetan zerbaiten, norbaiten, bisita itxaroten dugu. Baina espera honek badu epe bat: ailegatu da garaia. Salbamen eguna dela eta Jainkoaren bisita onartuko edo errefusatuko dugu.

Jose zintzoak Jainkoaren bisita onartu zuen. Haren etxean, haren bihotzean, haren bizitzan, Jainkoa sartu zen aingeruaren albistea eta Maria (Haurrarekin) onartzerakoan. Guretzat ere Gabonak Jainkoaren Berri Ona, familia, lagunak, etxean hartzeko garaia da. Bisita horren aurrean…zein izan behar du gure jokabideak? Bihotza zabaldu eta etxean hartu.

Ikas dezagun Joseren etsenpluaz: berak errealitatea onartu zuen. Jainkoa guregana etortzen da gauden egoeran, ondoan daukagun jende artean datorkigu. Denok jende ezberdinarekin, agian federik ez duen jendearekin, elizatik urrun dauden jendearekin egongo gara egun hauetan. Haiei ere kristau harrera on bat ematea gure eskura daukagu. Emanuel Haurra “Jainkoa Gurekin” ateetan daukagu. Zabal diezaiogun bihotza.


ABENDUALDIA III: BOZKARIOA


 

BOZKARIOA

“Poztuko dira basamortua eta lur agorra, alaituko basa-lurra eta lilia bezala loratuko”. Abendualdiko hirugarren igande honetan alaitasuna berpizteko deia hartzen dugu. Elizak, ohiturak jarraituz, igande horiari “Gaudete” deitzen dio, hau da “poztu zaitezte” eguna.

Kristauok gauza asko esaten dugu Jainkoari buruz: Jauna maitasuna, egia, justizia, poztasuna, alaitasuna dela esaten dugu. Hori guztia badakigu, bai, baina kristauok, gure bizimoduarekin batzuetan beste gauza esaten dugu: maitasuna, alaitasuna, ongi izatea lehendabizikoa, Jainkoa, dela esanez. Agian, gure bizitzan, mundu honetako poztasun txikiak Jainkoak ematen digu alaitasun iraunkor baino lehen bilatzen ditugu.

Ez dugu errefusatu behar mundu hobe bat eta benetako alaitasun baten itxaropena. Kristauok errealitatea aldatzera, mundua Jainkoaz betetzera deituak gara. Jaungoikoak gure artean egon nahi du eta ziurtasun hori ez dugu galdu behar.

Sinesmenak, esperantzak , zalantzak ez dituzte kentzen baina ez dugu amore eman behar. Munduko egoera ikusiz alaitasunezko eta esperantzazko motiboak edukitzea ez da batere erraza, baina Kristok gizakien esperantza gainditzen du. Berak esaten digu: “Fidatu nitaz”, “poztu zaitezte!”

Ondoan dauzkagun jaietan hurbilagoak, gozoagoak, eskuzabalagoak izan gaitezen Jauna gure guregana dator, atez joka. Gure bihotzaren ateak zabaldu ditzagun

RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)

  RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL   28   DE ABRIL AL    4    DE MAYO           La efigie de San Mi...