ARGITSUAK:
Garizumako laugarren igande honetan Pazkorako bide erdian gaude. Katekumenoek, bataiatu baino lehen, azken katekesiak hartzen dituzte. Kristo ur biziaren iturria, samaritarraren pasartean ikusirik, honetakoan Bartimeo itsuaren mirarian argiaren katekesia dugu. Lehen kristauen artean bataioak “argiztapena” izena ere bazuen. Bataioak Jainkoaren begiradari zabaltzen gaitu. Kristauok munduan argi izatera deituak gaude… Nola? Jainkoaren begirada mundura eramanez.
Datorren 19an San Jose eguna ospatuko dugu. Jose gizon argia, bihotz eta begi garbien eredua. Jose argitsuak Jainkoaren planari baietza ematen dio. Jose errukitsuak Mariari bihotz onarekin begiratzen dio, Birjina Jesus Haurrarekin batera onartuz. Gaurko gizarteak garbitasunaren eta argitasunaren premia berezia dauka. Kristauok San Joserengan etsenplu bikainena eduki dezakegu.
Bestalde San Jose egun berean gure Nafarroako Elizak Seminarioaren Eguna ospatuko du. Gaur egun Seminario bat zabalik edukitzea argizko, esperantzazko seinale bat da. Argi xumea (zazpi apezgai gutxi da) baina argi bizia! Egoera honetan argi hori mantentzea nafar kristauen interesa da… zein da erregaia? Otoitza, kontzientziazioa, Elizaren irudi on bat eskaintzea, dirulaguntza…
Garizumako gure ekintzek gure barnean fedearen sua pizteko balio dezatela. Pazko Beilan, zuziaren argia piztu baino lehen KRISTOREN ARGIA!! kantatuko dugu, ESKERRAK ZURI JAUNA!! erantzunez. Presta ditzagun beraz, gure bihotzak.