JAUNAREN HITZA BATASUNAREN BIDEAN LAGUN:
Igandean Urtean Zeharreko hirugarrena ospatuko dugu. Honetan Jaunaren Hitzaren igande berezia dugu. Igandero bai Eukaristiaren bai Hitzaren mahai inguruan biltzen gara. Igande honetako ospakizunean modu berezi batean Jaunaren Hitza estimatzera deituak gaude. Jainkoa mintzatzen zaigu, horregatik diszipulu, ikasle bakoitzak entzuteko gogoa landu behar dugu.
Gainera aste honetan Kristau Batasunaren aldeko Astea ospatzen dugu. Jainkoaren Herria zatituta dago eta berriro elkartzeko ahaleginak egin behar ditugu. Elkarren arteko otoitza batasuna eraikitzeko oinarri on bat izan daiteke. Baina, horretaz aparte, elkarrekin daukaguna baloratu eta landu behar dugu: Berri Ona, fedea, kerigma, bataioa eta, batez ere, Jaunaren Hitza. Jaunaren Hitza beti dugu lagungarri kristau bidean, baita batasuna berreskuratzeko saiakeran ere. Gure komunitatetan eta gure kristau bizitzan Hitzaren presentzia ezinbestekoa da. Nola indartu Hitzaren presentzia elizan, gure kristau elkartetan, pertsonal arloan…? Elizaren Tradizioak tresna baliotsuak gure eskura uzten dizkigu: eguneroko ebanjelioa, Biblia taldeak, Lectio divina, Orduen Liturgia… ez dugu aitzakiarik.
“Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau, goizero dit belarria ernearazten, ikasle onari bezala” (Is 50,4) dio Isaias profetak. Jaunak Bere Ahotsa aditzeko eta senideei entzuteko ahalmena ematen digu. Zabal diezazkiogun bihotza eta gogoa Jaunari.