ZURE ESKU DAGO:
“Desberdinkeria geldiaraztea zure esku dago”
Hau da igande honetako “Manos Unidas”, Gosearen Aurkako kanpainaren goiburua. Urtero bezala solidarioagoak eta kontzientziatuagoak izateko deia jasotzen dugu. Tradizionalki Gosearen Aurkako kanpainak arrakasta haundia du gure kristau komunitatetan. Kanpaina ez da diru bilketa bat bakarrik baizik kanpora, beste errealitatetara, begiratzeko aukera ere. Elizak errealitatea ikusten du eta munduan dagoen justizia eza eta desberdinkeria salatzen ditu.
“Bere aurrean dauzka gizonak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio” dio Siraken liburuak, igande honetako lehen irakurgaian. Jaunak bere Justiziazko Erreinuaren testigu izateko aukera ematen digu. Ebanjelioan Mendiko Hitzaldiarekin jarraitzen dugu, zoriontasunen bideak eraikitzera deitzen gaitu Jainkoak. Jainkoaren Erreinu hori nola… nola egiaztatzen da? Benetan gure esku al dago?
“Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, niri egin zenidaten” esango digu Jainkoak Azken Auzian. Mateo ebanjelariak karitatezko ekintzak zoriontasunekin lotzen ditu. Desberdinkerien kontra borrokatzea kristau guztion egin beharra da.
Begira diezaiogun munduari justizia ezak non dauden bilatuz eta salatuz. Gure kristau komunitateak lehen baino kontzientziatuagoak izan daitezela. Bete dezagun Kristok eman digun Maitasun Legea , gure bizimoduarekin testigantza on bat emanez.