URTEBERRIA MARIAREKIN:
“Mariak gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz”
Igande honetan Andre Maria Jainkoaren Amaren bestaburua ospatuko dugu. Jaia urtarrilaren batean ospatzen da, hau da: Urteberri egunean. Urteberri etxean ospatzeko eguna da, familia biltzeko eguna. Horregatik Ama Mariak bere lekua eduki behar du urte berriaren hasiera honetan.
Urte berri bat hastean proiektuak, ideiak, asmo onak, agertzen dira. Batzuetan zerbait aldatzeko edo hobetzeko gogotan gabiltza eta hori seinale hona da. Baina berehala edo errealitatea edo gure ahuleria agertzen da. Egoera honetan…non finkatu gure asmo onak? Non bilatu indarra? Zertaz fidatu? Begira diezaiogun Mariari.
Maria Eva Berria da, hala deitzen dio Elizako Tradizioak. Maria Jainkoaren Ama ospatzerakoan Maria Jaunarena dela adierazten dugu. Noren planak dira Mariarenak? Jainkoarenak. Horregatik, nahiz eta estualdi gorriena ezagutu, konfiantza eta fedea gure Amak ez zituen galdu. Mariak fedea bere bihotzaren intimitatean gorde zuen, altxorra kutxan gordetzen den bezala.
Urte berrian lehenaldiari errukiarekin eta geroari esperantzarekin begiratzeko aukera dugu. Ikas dezagun Mariaren, Amaren, jokabidea: Jainkoaren nahia bilatu, onartu, eta bihotzean hausnartu. Finkatu dezagun gure bizitza Jaunagan. Berak deitzen gaitu ez urte berri bat bizitzera, gizadi berri izatera baizik.