AMETSETAN ERNE


 

AMETSETAN ERNE.

Zaudete erne”. Deialdi honekin elizaren urte berri bat, ziklo berri bat, hasiko dugu. Urte honetako kristau bidean, Mateo izango dugu lagun. Ebanjelioa, modu berezi batean, elizari buruz mintzatzen zaigu, horregatik Mateorenari, elizaren ebanjelioa deitzen diogu.

Ebanjelioak Jaunaren etorrera itxarotera gonbidatzen gaitu. Gizonaren Semea etorriko da, ez dakigu noiz, hori dela eta prest egon behar garela oroitarazten digu Jesusek. Abendualdian Jaunaren etorrera atetan dago eta, ondorioz, gure bihotzak prestatu behar ditugu harrera hoberena Jaunari emateko. Denbora berezi honetan geldialdi bat egiten dugu gure bizitza aztertzeko.

Ez du herrik herriren aurka ezpatarik jasoko” dio Isaiasen profeziak. Profetaren hitzak amets bat ematen du: mundu berri bat, Jainkoak maite duen bezalako mundu bat. Ametsak inportanteak dira, Biblian askotan Jainkoaren mezua ametsetan agertzen da. San Josek berak Maria haurdun dagoelako berria amets batean jasotzen du. Zein da nire ametsa? Zer aldatu nahiko nuke munduan eta nire bizitzan?

Abendualdia erne egoteko, errealitatea begiratzeko eta Jainkoaren ametsa eraikitzeko garai aproposa da. Kristau urte berri bat, aukera berri bat, gure kristau santutasun bidean aurreratzeko. Aprobetxa dezagun Jaungoikoak oparitzen digun graziazko denbora hau Haren Erreinua eraikitzeko.

JESUS NAZARETARRA, JUDUEN ERREGEA


 

JESUS NAZARETARRA, JUDUEN ERREGEA :

Jesus oroi zaitez nitaz zeure erreinura iristean”. Igande honetan Kristo Errege bestaburua ospatuko dugu. Ospakizun haundi honekin ematen diogu agurra urte liturgikoari. Urte liturgiko edo ziklo bakoitzak Jesukristoren Erregetzaren alderdi desberdin bat eskaintzen digu. Urte honetan, Lukasen zikloan, Kalbario mendi gainean jartzen dugu begirada, Kristoren errege aulkia gurutzea da, koroa arantzazkoa, titulua “INRI”, bere boterea errukia, barkamena.

Gaurko munduan erregeei eta agintariei mesfidantzarekin edo ilusiorik gabe begiratzen diegu: ustelkeria, gezurra, iruzurra, bakoitzak bere interesa bakarrik bilatze… aipatzen ditugu. Kristoren erregetza, ordea, ez da mundu honetakoa, Jaunak, gurutzetik aldatu zuen mundua. Maitasunezko keinu haundienak berritu zuen mundua, behin betikoz. Baina non ote dago Erregetza berri hori gaurko egunean?

Jaunaren Erreinu hori gure artean dago. Jainkoaren Erreinuak bere laguntzaile ditu jende onak, errukitsuak, leialak, isiltasunean Jainkoaren erreinua eraikitzen duten jendeak. Itxaropena ez dugu galdu behar. Jaunak ez gaitu baztertzen.

Kristauok, bataioari esker, profeta, apez eta errege izatera deituak gaude, Jainkoaren erreinuko langile izatera deituak. Datorren astean Abendualdia, Kristoren etorrera prestatzeko denbora berezia hasiko da. Aprobetxa dezagun graziazko denbora hori bihotza aldatzeko, Erreinuaren Iristea gure itxaropen izan dadin.

IGANDEA XXXIII - EZ IKARATU!


 

EZ IKARATU!:

Gerra eta iraultza hotsak entzutean ez ikaratu”

Azken asteetan Lukasen ebanjelioa gure epai okerrei buruz mintzatu zitzaigun. Aste honetan beste epai bat agertzen da: Azken Egunekoa. Ebanjelioak ikuspuntu apokaliptiko bat proposatzen digu: borrokak, lurrikara, goseteak…. mundu hau ustelkorra da, ez du betiko iraungo. Datorren igandean, Kristo Errege ospatzerakoan, Jainkoaren maitasunezko planari begiratuko diogu, igande honetako ebanjelioak bestaburu haundi hori prestatzen laguntzen digu.

Munduko krisia. Gaurko egunean eztabaida hori kalean pil-pilean dago. Aita Santuak berak, askotan, elizaren kezka adierazten du gai larri batzuk ukituz: etorkinak, justizia eza, klima-aldaketa… hori guztia munduan erraz ikusi dezakegu…eta Elizan? Fedearen krisia ere, gazteengana hurbiltzeko zailtasuna, apostasiak, batasunik eza eta zatiketak… egoera honetan posible al da esperantza mantentzea?

Askotan, munduko espiritua jarraituz, ihesbideak bilatu ditzakegu: berriketei inportantzia emanez, errealitatea ez ikusiz, gure komunitatea kanpoan dagoenari itxiz… besteak beste. Horrek guztiak ez du laguntzarik ematen. Gaur, inoiz baino gehiago, Elizan Kristoren garaipenaren testigantza ematera deituak gaude. Nola? San Paulok esaten duen bezala lan eginez bakean eta testigantza apal bat emanez. Presta dezagun Jaunaren Etorrera munduan argi eta gatz izanez. Beldurrak ez du irtenbiderik. Atera gaitezen mundura, misiora, Espirituaren ausardiaz beterik.


IGANDEA XXXII - SINESTEN DUT HILDAKOEN PIZTUERAN

SINESTEN DUT HILDAKOEN PIZTUERAN:

“Ez da, beraz, hilen Jainko, biziena baizik” dio igande honetako ebanjelioak. Azaroan gaude. Hilabetea Santu Guztien eta Hildako Guztien festekin hasi da. Azaroan zehar kristau itxaropena, betiko bizitzaren saria, modu berezi batean finkatu nahi dugu.

“Sinesten dut haragiaren piztueran eta betiko bizitzan” aitortzen du kristau sinesmenak, igandero mezan berritzen dugun fedeak. Elizak hildakoen piztuera hasieratik aitortzen du. Sinesmenaren lehenengo sinboloek, lehenbiziko kredoek, laugarren mendean idatziak, Kristoren piztuera aitortzen dute, baita hildakoena ere. Gainera, judutar tradizioak ere sinesten du hildakoen piztueran, igande honetako ebanjelioak eta Makabearren liburuak argi uzten duten bezala. “Izadiaren erregeak biztu egingo gaitu betiko bizirako” lehenengo irakurgaiak dioenez.

Baina sinesmen hori mantentzea ez da batere erraza. Lehenbiziko kristauek paganoekin, eta hereje zenbaitekin, eztabaidan ari izan ziren, bereziki Kristoren eta hildakoen piztuerarengatik. Gaurko globalizazioan ere sinesmena mantentzea zaila da. Bestelako modak tradizioak eta filosofiak zabalduz doaz gure artean, gure fedearekin parekatuz eta kristau egia gutxituz.

. Bataioaren bidez Kristorekin bat izatera deituak gaude, bai bizitza honetan, bai datorren bizitzan. Gogora dezagun San Paulok esana “Jainko gure Aitak hain maite izan baikaitu, betiereko poza eta zorionaren itxaropena eman digu”.

 

IGANDEA XXXI - JAUNARI ATSEGIN ZAIONA:


 

JAUNARI ATSEGIN ZAIONA:

Pasa den igandean fariseu harro eta zergalari apalaren parabola ikusi genuen. Jesusek, bere bizitzarekin, kontatzen dituen parabolak errealitate bihurtzen ditu. Horregatik, igande honetako ebanjelioan, zergalari batengana, bekatari publiko batengana, Zakeorengana hurbiltzen da, Jainkoaren errukia azalduz.

Guztiei barkatu egiten diezu, zureak baitituzu, bizidunen adiskide zaren Jaun horrek” dio Jakinduriaren Liburuak lehen irakurgaian. Itun Zaharrean bertan mezua argi dago: Jaungoikoak bizia maite du, eta beti prest dago gurekin bakeak egiteko, bekatuak eragiten digun mina sendatzeko. Kristok, Jainkoaren Aukeratuak, misio bat du: Jauna eta mundua berriro adiskidetu. Pekatuaren kaltea ez da arina, zauri hori sendatzeko gurutzearen terapia beharrezkoa izan zen. Zakeok Jaunaren errukia behar du Jainkoarekin, herriarekin, eta bere buruarekin bakeak egiteko. Eta guk….errukiaren premia sumatzen ote dugu?

Gaixo dauden gehienek osasuntsu daudela esaten dute” dio Niniveko Isaak gizon santuak. Denok, Zakeok bezala, pasa den asteko zergalariak bezala gure zauria daramagu. Nola sendatu min sakon hori? Jaunaren errukia da gure sendabide bakarra.

Urbil gaitezen, beraz, Jainkoarengana gure ahultasuna aitortuz eta Haren Betiko Errukia onartuz. Gogora dezagun Lisieuxko Teresa Santuak esana: “Jaunari atsegin zaiona nire arima txikian, nik nire ezereza eta pobrezia maitatzea da”.


IGANDEA XXX - NIRE LEKUKO IZANGO ZARETE:

 



NIRE LEKUKO IZANGO ZARETE:

Nire lekuko izango zarete” dio aste honetako Domund kanpainaren goiburuak. Igande honetan, farisear eta zergalariaren istorioa kontenplatzen dugu. Jaungoikoak bihotz barrena ikusten eta apaltasuna estimatzen duela erakusten digu. Jainkoa zuzentasun zale da, egizale, eta modu honetan epaitzen du, maitasuna eta zuzenbidea mantenduz. Ebanjelioko parabolan beste epaile bat agertzen da: farisearra. Harrokeriaz Jainkoaren lekuan egoten dela. Kanpotik ikusita, ziur aski, gizon zuzena eta Jainkozale bezala agertzen da, baina bere bihotzean ez du Jainkoren beharrik, bere azaleko zuzentasunarekin nahikoa du.

Gaurko munduak badu zuzentasunaren, justiziaren, Jainkoaren premia. Jesusek mundua eta bihotzak aztertzen ditu eta errukizko epaile bezala agertzen da. Egoera honetan zein da kristauon jokabidea? Testiguak, lekukoak izan.

Bataioaren bidez Kristoren lekukoak izateko deia jasotzen dugu. Testigantza hori misioan egiaztatzen da. Gaur egun misiolariek misioaren deia kanpora, munduko bazterretara joateko deia jasotzen dute. Haien testigantza apalaren bidez Jaun errukiorraren aurpegi bizi dira. Eutsi diezaiogun Eliza misiolariaren lanari gure otoitzarekin, kontzientziarekin eta laguntza ekonomikoarekin.

Har dezagun kristau testigantzaren bidea farisearraren zuzen bidea eta zergalariaren bihotz apala eta damutua edukiz. Eskerrak eman diezazkiogun Jaunari Harengana urbilduz eta umiltasunez Jainkoaren lekukoak izanez.


IGANDEA XXIX - OTOITZEAN ETA FEDEAN SENDO

 



OTOITZEAN ETA FEDEAN SENDO:

Gizonaren Semeak datorkeenean aurkituko ote du horrelako sinesmenik?”

Aurreko igandetan fedearen dohaina ikusi genuen. Igande honetan, ordea, Jesusek fedean sendo iraun behar dugula esaten digu; hori adierazteko kontatzen digu alargunaren eta epailearen parabola. Alargunak zuzenbidea eskatzen dio epaileari eta ez du amore ematen eskatzen duena lortu arte. Alargunak zuzen dena bilatzen du eta horretan irauten du. Emakumeak Jainkoagan, fedean, du Itxaropena eta, azkenean fedeak irabazten du. Zuzenbidea eta justizia bilatzen ote ditut? Nire ekintzak fedearekin eta otoitzarekin batera ote doaz?

Zaude sendo, ikasi eta sinetsi duzun guztian” Aholkatzen dio San Paulok Timoteori. Nola dago nire fedea? Nola handitu sinesmena eta iraun sendo bertan? “Liburu Santuek eman diezazukete jakinduria” dio apostoluak ikasle gazteari. Jaunaren Hitza beti izan behar dugu bidelagun Jaunaren argitan ibiltzeko. Kristauok ez dugu horretarako aitzakiarik…Jainkoak ematen dizkigun dohainak ezagutu, estimatu eta erabili beharko genituzke.

Ekin, egoki denean eta ez denean; gogor egin, estu hartu, eskatu pazientzia handiz” esaten digu San Paulok. Indartu dezagun ,beraz, gure fedea, otoitz eginez eta zuzenbidea bilatuz, Moisesek bezala gure besoak eta gure otoitza etengabe gora jasoz.


RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)

  RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL   28   DE ABRIL AL    4    DE MAYO           La efigie de San Mi...