EZ IKARATU!:
“Gerra eta iraultza hotsak entzutean ez ikaratu”
Azken asteetan Lukasen ebanjelioa gure epai okerrei buruz mintzatu zitzaigun. Aste honetan beste epai bat agertzen da: Azken Egunekoa. Ebanjelioak ikuspuntu apokaliptiko bat proposatzen digu: borrokak, lurrikara, goseteak…. mundu hau ustelkorra da, ez du betiko iraungo. Datorren igandean, Kristo Errege ospatzerakoan, Jainkoaren maitasunezko planari begiratuko diogu, igande honetako ebanjelioak bestaburu haundi hori prestatzen laguntzen digu.
Munduko krisia. Gaurko egunean eztabaida hori kalean pil-pilean dago. Aita Santuak berak, askotan, elizaren kezka adierazten du gai larri batzuk ukituz: etorkinak, justizia eza, klima-aldaketa… hori guztia munduan erraz ikusi dezakegu…eta Elizan? Fedearen krisia ere, gazteengana hurbiltzeko zailtasuna, apostasiak, batasunik eza eta zatiketak… egoera honetan posible al da esperantza mantentzea?
Askotan, munduko espiritua jarraituz, ihesbideak bilatu ditzakegu: berriketei inportantzia emanez, errealitatea ez ikusiz, gure komunitatea kanpoan dagoenari itxiz… besteak beste. Horrek guztiak ez du laguntzarik ematen. Gaur, inoiz baino gehiago, Elizan Kristoren garaipenaren testigantza ematera deituak gaude. Nola? San Paulok esaten duen bezala lan eginez bakean eta testigantza apal bat emanez. Presta dezagun Jaunaren Etorrera munduan argi eta gatz izanez. Beldurrak ez du irtenbiderik. Atera gaitezen mundura, misiora, Espirituaren ausardiaz beterik.