JESUS NAZARETARRA, JUDUEN ERREGEA :
“Jesus oroi zaitez nitaz zeure erreinura iristean”. Igande honetan Kristo Errege bestaburua ospatuko dugu. Ospakizun haundi honekin ematen diogu agurra urte liturgikoari. Urte liturgiko edo ziklo bakoitzak Jesukristoren Erregetzaren alderdi desberdin bat eskaintzen digu. Urte honetan, Lukasen zikloan, Kalbario mendi gainean jartzen dugu begirada, Kristoren errege aulkia gurutzea da, koroa arantzazkoa, titulua “INRI”, bere boterea errukia, barkamena.
Gaurko munduan erregeei eta agintariei mesfidantzarekin edo ilusiorik gabe begiratzen diegu: ustelkeria, gezurra, iruzurra, bakoitzak bere interesa bakarrik bilatze… aipatzen ditugu. Kristoren erregetza, ordea, ez da mundu honetakoa, Jaunak, gurutzetik aldatu zuen mundua. Maitasunezko keinu haundienak berritu zuen mundua, behin betikoz. Baina non ote dago Erregetza berri hori gaurko egunean?
Jaunaren Erreinu hori gure artean dago. Jainkoaren Erreinuak bere laguntzaile ditu jende onak, errukitsuak, leialak, isiltasunean Jainkoaren erreinua eraikitzen duten jendeak. Itxaropena ez dugu galdu behar. Jaunak ez gaitu baztertzen.
Kristauok, bataioari esker, profeta, apez eta errege izatera deituak gaude, Jainkoaren erreinuko langile izatera deituak. Datorren astean Abendualdia, Kristoren etorrera prestatzeko denbora berezia hasiko da. Aprobetxa dezagun graziazko denbora hori bihotza aldatzeko, Erreinuaren Iristea gure itxaropen izan dadin.