IGANDEA XXXI - JAUNARI ATSEGIN ZAIONA:


 

JAUNARI ATSEGIN ZAIONA:

Pasa den igandean fariseu harro eta zergalari apalaren parabola ikusi genuen. Jesusek, bere bizitzarekin, kontatzen dituen parabolak errealitate bihurtzen ditu. Horregatik, igande honetako ebanjelioan, zergalari batengana, bekatari publiko batengana, Zakeorengana hurbiltzen da, Jainkoaren errukia azalduz.

Guztiei barkatu egiten diezu, zureak baitituzu, bizidunen adiskide zaren Jaun horrek” dio Jakinduriaren Liburuak lehen irakurgaian. Itun Zaharrean bertan mezua argi dago: Jaungoikoak bizia maite du, eta beti prest dago gurekin bakeak egiteko, bekatuak eragiten digun mina sendatzeko. Kristok, Jainkoaren Aukeratuak, misio bat du: Jauna eta mundua berriro adiskidetu. Pekatuaren kaltea ez da arina, zauri hori sendatzeko gurutzearen terapia beharrezkoa izan zen. Zakeok Jaunaren errukia behar du Jainkoarekin, herriarekin, eta bere buruarekin bakeak egiteko. Eta guk….errukiaren premia sumatzen ote dugu?

Gaixo dauden gehienek osasuntsu daudela esaten dute” dio Niniveko Isaak gizon santuak. Denok, Zakeok bezala, pasa den asteko zergalariak bezala gure zauria daramagu. Nola sendatu min sakon hori? Jaunaren errukia da gure sendabide bakarra.

Urbil gaitezen, beraz, Jainkoarengana gure ahultasuna aitortuz eta Haren Betiko Errukia onartuz. Gogora dezagun Lisieuxko Teresa Santuak esana: “Jaunari atsegin zaiona nire arima txikian, nik nire ezereza eta pobrezia maitatzea da”.


IGANDEA XXX - NIRE LEKUKO IZANGO ZARETE:

 



NIRE LEKUKO IZANGO ZARETE:

Nire lekuko izango zarete” dio aste honetako Domund kanpainaren goiburuak. Igande honetan, farisear eta zergalariaren istorioa kontenplatzen dugu. Jaungoikoak bihotz barrena ikusten eta apaltasuna estimatzen duela erakusten digu. Jainkoa zuzentasun zale da, egizale, eta modu honetan epaitzen du, maitasuna eta zuzenbidea mantenduz. Ebanjelioko parabolan beste epaile bat agertzen da: farisearra. Harrokeriaz Jainkoaren lekuan egoten dela. Kanpotik ikusita, ziur aski, gizon zuzena eta Jainkozale bezala agertzen da, baina bere bihotzean ez du Jainkoren beharrik, bere azaleko zuzentasunarekin nahikoa du.

Gaurko munduak badu zuzentasunaren, justiziaren, Jainkoaren premia. Jesusek mundua eta bihotzak aztertzen ditu eta errukizko epaile bezala agertzen da. Egoera honetan zein da kristauon jokabidea? Testiguak, lekukoak izan.

Bataioaren bidez Kristoren lekukoak izateko deia jasotzen dugu. Testigantza hori misioan egiaztatzen da. Gaur egun misiolariek misioaren deia kanpora, munduko bazterretara joateko deia jasotzen dute. Haien testigantza apalaren bidez Jaun errukiorraren aurpegi bizi dira. Eutsi diezaiogun Eliza misiolariaren lanari gure otoitzarekin, kontzientziarekin eta laguntza ekonomikoarekin.

Har dezagun kristau testigantzaren bidea farisearraren zuzen bidea eta zergalariaren bihotz apala eta damutua edukiz. Eskerrak eman diezazkiogun Jaunari Harengana urbilduz eta umiltasunez Jainkoaren lekukoak izanez.


IGANDEA XXIX - OTOITZEAN ETA FEDEAN SENDO

 



OTOITZEAN ETA FEDEAN SENDO:

Gizonaren Semeak datorkeenean aurkituko ote du horrelako sinesmenik?”

Aurreko igandetan fedearen dohaina ikusi genuen. Igande honetan, ordea, Jesusek fedean sendo iraun behar dugula esaten digu; hori adierazteko kontatzen digu alargunaren eta epailearen parabola. Alargunak zuzenbidea eskatzen dio epaileari eta ez du amore ematen eskatzen duena lortu arte. Alargunak zuzen dena bilatzen du eta horretan irauten du. Emakumeak Jainkoagan, fedean, du Itxaropena eta, azkenean fedeak irabazten du. Zuzenbidea eta justizia bilatzen ote ditut? Nire ekintzak fedearekin eta otoitzarekin batera ote doaz?

Zaude sendo, ikasi eta sinetsi duzun guztian” Aholkatzen dio San Paulok Timoteori. Nola dago nire fedea? Nola handitu sinesmena eta iraun sendo bertan? “Liburu Santuek eman diezazukete jakinduria” dio apostoluak ikasle gazteari. Jaunaren Hitza beti izan behar dugu bidelagun Jaunaren argitan ibiltzeko. Kristauok ez dugu horretarako aitzakiarik…Jainkoak ematen dizkigun dohainak ezagutu, estimatu eta erabili beharko genituzke.

Ekin, egoki denean eta ez denean; gogor egin, estu hartu, eskatu pazientzia handiz” esaten digu San Paulok. Indartu dezagun ,beraz, gure fedea, otoitz eginez eta zuzenbidea bilatuz, Moisesek bezala gure besoak eta gure otoitza etengabe gora jasoz.


HOMENAJE A D. MIGUEL SAGASETA

 







IGANDEA XXVI - ABERATSAK MAITASUNEAN




ABERATSAK MAITASUNEAN:

Ezin zarete izan bi nagusiren morroi” esan zigun pasa den asteko Ebanjelioak. Igande honetako irakurgaiek bi jabetza horiek nola egiaztatzen diren adierazten digute. Amos profetarenak eta, bereziki, Lukasen ebanjelioak mina ematen duen gai bat jorratzen dute: aberastasuna eta zuzentasunik eza.

Aberatsa eta Lazaroren parabolak ez du interpretazio librerik: gure jokabideak baditu bere ondorioak bai munduan, bai betiko bizitzan. Aberastasunei bihotza eskaintzeko arriskuan gaude beti, batez ere gaurko kontsumismoko kulturan. Aberats eta pobreen arteko muga lehen baino handiagoa da eta.

Egia esateko, denok gara aberatsak, Jainkoaren maitasun ugaria gure barnean baitaramagu eta altxor hori neurrigabekoa baita. Gu garena, guk daukaguna, Jainkoaren dohaina da eta dohain hauekin harreman zuzena eduki beharko genuke. Jainkoak…zertarako ematen digu hori guztia? Bere Erreinua eraikitzeko, hau da, mundua hobetzeko, Jainkoa eta gizakia maitatuz eta zerbituz.

"Badituzte Moises eta Profetak; entzun diezaietela". Jainkoak zuzentasunaren bidea erakusten digu beti. Jaunaren Hitzak, sakramentuak, manamenduak, elizako sozial doktrina emanez…baita begiak ere ikusteko, belarriak entzuteko eta eskuak laguntzeko.

Bila ezazu zuzenbidea, erlijioa, sinesmena, maitasuna, iraupena, eztitasuna” esaten digu San Paulok. Atera gaitezen misiora, herrira, kaleetara Jainkoaren presentzia bizia senide behartsuenetan bilatuz. 













 

 

IGANDEA XXV - BI MAITASUNAK

 





BI MAITASUNAK:

Pasa den igandean Jainkoaren maitasunezko aurpegia ikusi genuen errukiaren hiru paraboletan: artzain onaren, txanpona galdu zuen emakumearen eta aita onaren irudietan. Aste honetan, berriz, beste ikuspuntu bat agertzen da: Jainkoaren nagusitza eta lehentasuna. Jauna erregea da, errukiorra, bai, baina justizia zale, zuzentasun zale eta egizale. Jainkoa maitasuna da, eta benetako maitasunak ez du neurririk, Jainkoarekin ez da erdizka ibiltzerik.

Bi maitasunek bi hiri fundatu zituzten: batek lurreko hiria, Jainkoa gorroto izaterainoko berekoikerian finkatua; eta besteak zeruko hiria, bere burua gorroto izaterainoko Jainko maitasunean finkatua” dio San Agustinek. Agustinek bi hiri horiek ongi ezagutzen zituen, bere gaztetasuna galdu baitzuen berekoia izanez, munduko gauzak irrikatuz. Gero Jainkoaren maitasuna ezagutuko zuen, zeruko ondasunak bilatuz. Agustinen bizitza bi maitasun horien arteko borroka izan zen.

Borroka hori non gertatzen da? Gure bihotzetan, gure bizimoduan. “Gauza txikienetan leiala dena, handietan ere leiala izango da” dio Jesusek. Leialtasunean irautea gure eguneroko eginbeharra behar luke izan.

Bizkor dezagun eta sendotu gure leialtasuna, gure fedea. Izan gaitezen Kristoren testigu sutsuak gure gaurko munduan. Zabaldu dezagun Jainkoaren Erreinua gure eguneroko erabakien bidez.


RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)

  RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL   28   DE ABRIL AL    4    DE MAYO           La efigie de San Mi...