BI MAITASUNAK:
Pasa den igandean Jainkoaren maitasunezko aurpegia ikusi genuen errukiaren hiru paraboletan: artzain onaren, txanpona galdu zuen emakumearen eta aita onaren irudietan. Aste honetan, berriz, beste ikuspuntu bat agertzen da: Jainkoaren nagusitza eta lehentasuna. Jauna erregea da, errukiorra, bai, baina justizia zale, zuzentasun zale eta egizale. Jainkoa maitasuna da, eta benetako maitasunak ez du neurririk, Jainkoarekin ez da erdizka ibiltzerik.
“Bi maitasunek bi hiri fundatu zituzten: batek lurreko hiria, Jainkoa gorroto izaterainoko berekoikerian finkatua; eta besteak zeruko hiria, bere burua gorroto izaterainoko Jainko maitasunean finkatua” dio San Agustinek. Agustinek bi hiri horiek ongi ezagutzen zituen, bere gaztetasuna galdu baitzuen berekoia izanez, munduko gauzak irrikatuz. Gero Jainkoaren maitasuna ezagutuko zuen, zeruko ondasunak bilatuz. Agustinen bizitza bi maitasun horien arteko borroka izan zen.
Borroka hori non gertatzen da? Gure bihotzetan, gure bizimoduan. “Gauza txikienetan leiala dena, handietan ere leiala izango da” dio Jesusek. Leialtasunean irautea gure eguneroko eginbeharra behar luke izan.
Bizkor dezagun eta sendotu gure leialtasuna, gure fedea. Izan gaitezen Kristoren testigu sutsuak gure gaurko munduan. Zabaldu dezagun Jainkoaren Erreinua gure eguneroko erabakien bidez.