TESTIGUAK
TESTIGUAK:
“Nik aitortzen dut: Hau da Jainkoaren Semea”
Pasa den astean Jaunaren Bataioa ospatu genuen Eguberri aldiari bukaera emanez. Urtean zeharreko erritmoa hartuta gaudelarik, igande honetan Joan Bataiatzailea eta Jesus berriro agertzen zaizkigu. Bataio ondoren Joanek Jesusen testigantza ematen du: Jesus Jainkoaren aukeratua dela, Israelgo herriari hitz emana zegoena, berriro Jainkoarengana eramaten gaituena. Joanen testigantza ez da berea, Jainkoarena baizik.
“Poz haundi baten berri ona dakarkizuet” dio eguberri gauerdiko ebanjelioak. Belengo artzainak bezala salbazioaren berri ona jaso dugu. Guk ere testiguak izateko deia jasotzen dugu. Eguberritan argi bat piztu da gure bihotzetan eta argi hori pizturik, bizi-bizi mantentzea da Kristoren ikasle eta testigu garenon eginbeharra.
“Gazte maiteok: bilatzen duzuen, merezi duzuen zorionak badu izen bat, aurpegi bat: Jesus Nazaretarra” esan zien Aita Santu Benediktok gazteei 2005ean. Testigantza eman ahal izateko ezinbestekoa da Kristorekin topaketa pertsonalak edukitzea. Testigantza ematea ez da hitzez mezu bat zabaltzea, hori askotan beharrezkoa izan arren. Testigantza ematea bizi bat da, barrenean daramagun Kristoren bizitza, erakustea da.
Kristoren presentzia bizia gure ondoan, gure munduan daukagu. Jainkoaren Semea, behar dugun Berri Ona, bihotzeko zoriona hurbil daukagu, eskura. Bila ditzagun Jesusen arrastoak. Izan gaitezen Jaunaren lekukoak!
JAUNAREN BATAIAOA
JAUNAREN BATAIAOA
Jaunaren Bataioaren besta ospatzen dugu, ospakizun honekin Eguberriko denboraldia akitu da, hurrengo igandean gure eguneroko erritmoa berreskuratuko dugu. Eguberri aldian Jaunaren etorrera ospatzen dugu, baina…zertarako etortzen da Jesus? Gaurko bestak erantzuna ematen digu: bekatuaren zamatik askatzeko.
Aldi hartako judutar zintzoek, baita gu ere, garbitzeko, barkatzeko, bihotz berritzeko beharra Jainkoagan hurbilago egoteko onartzen zuten. Horregatik Jesusi bekatarien lerroan ikustea bataioa hartzeko arraroa iruditzen zaigu. Jainkoa, santua, bekatu gabea, bekatariengana, guregana hurbiltzen da. Jesusek hurbiltasun horrekin Jainkoaren benetako aurpegia erakusten digu: Jauna ahulen ondoan dago “kanabera pitzatua ez du hautsiko, doi-doi piztua dagoen metxa ez du itzaliko” Isaias profetak ots egiten du. Jainkoaz fidatu gaitezen, bere hurbiltasunak bizi berri batera eramaten gaitu.
Bataioagatik bekatuari uko egin diogu baina gure ahultasunak berriro bekatu egitera eramaten gaitu. Ala ere ez dugu amore eman behar!. Jauna beti prest dago guri barkamena emateko, bataioaren garbitasuna berriro itzultzeko. Horregatik Elizak barkamenaren sakramentua, aitortza, eskaintzen du. . Sakramentu honetan Espiritu Saindua guregana etortzen da, Jordan ibaiaren antzera. Jaunaren ahotsa gure barrenak ere entzun dezala “Hau da nire semea, nire maitea, berau dut atsegin”.
URTEBERRIA MARIAREKIN
URTEBERRIA MARIAREKIN:
“Mariak gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz”
Igande honetan Andre Maria Jainkoaren Amaren bestaburua ospatuko dugu. Jaia urtarrilaren batean ospatzen da, hau da: Urteberri egunean. Urteberri etxean ospatzeko eguna da, familia biltzeko eguna. Horregatik Ama Mariak bere lekua eduki behar du urte berriaren hasiera honetan.
Urte berri bat hastean proiektuak, ideiak, asmo onak, agertzen dira. Batzuetan zerbait aldatzeko edo hobetzeko gogotan gabiltza eta hori seinale hona da. Baina berehala edo errealitatea edo gure ahuleria agertzen da. Egoera honetan…non finkatu gure asmo onak? Non bilatu indarra? Zertaz fidatu? Begira diezaiogun Mariari.
Maria Eva Berria da, hala deitzen dio Elizako Tradizioak. Maria Jainkoaren Ama ospatzerakoan Maria Jaunarena dela adierazten dugu. Noren planak dira Mariarenak? Jainkoarenak. Horregatik, nahiz eta estualdi gorriena ezagutu, konfiantza eta fedea gure Amak ez zituen galdu. Mariak fedea bere bihotzaren intimitatean gorde zuen, altxorra kutxan gordetzen den bezala.
Urte berrian lehenaldiari errukiarekin eta geroari esperantzarekin begiratzeko aukera dugu. Ikas dezagun Mariaren, Amaren, jokabidea: Jainkoaren nahia bilatu, onartu, eta bihotzean hausnartu. Finkatu dezagun gure bizitza Jaunagan. Berak deitzen gaitu ez urte berri bat bizitzera, gizadi berri izatera baizik.
BIZILEKUA
BIZILEKUA:
Eguberriak. Emanuel “Jainkoa Gurekin” Haurraren sortzea ospatzen dugu. Eguberri eguneko liturgia oso aberatsa da. Lau meza ezberdin ospatzen ditugu; hots: bezperakoa, gau erdikoa, goizeko meza eta meza nagusia. Ospakizun bakoitzak badu bere giro eta Jaunaren Hitza propioa; kolaborazio honetan meza nagusiko ebanjelioarekin geldituko gara.
“Eta haragi egin zen eta gure artean jarri zuen bizilekua” dio Joanen ebanjelioaren hasierak. Jaunak gure artean bere bizilekua, bere oihal-etxola jartzen du. Oihal-etxola bideko bizileku bat da, Jauna bideko laguna, konpainia da guretzat. Israelek basamortuko ibilaldian Elkarketa-Etxola zuen Jainkoaren hurbiltasunaren seinale bezala. Jainkoak gurekin bizia eta bidea konpartitu nahi ditu.
“Hedatu beldurrik gabe zeure egoitza-oihalak, luzatu lokarriak” (Is 54,2). Urte honetan Elizan sinodoaren bide berri bat hasi da. Sinodoaren helburua Jainkoaren urratsak elkarrekin bilatzea eta jarraitzea da, besteak beste. Elizbarrutiko lana eginik orain kontinenteko fasea hasi da, fase hori irudikatzeko oihal-etxolaren irudia erabiltzen da, Isaiasen profezia erabiliz. Elizak ibilaldi honetan begirada zabaldu nahi du harrera-etxe izateko, Jainkoaren babesa munduan zabaltzeko.
Gabonak elkarrekin bizitzeko egunak dira, familian egoteko, lagun artean ospatzeko egunak. Egun hauetan bihotza zabaltzeko eta senideen artean Jaunaren urratsak bilatzeko aukera ederrak aurkitu ditzakegu. Jaunak gure artean du bizileku! Zabal ditzagun bihotzak.
ETXEAN HARTU
ETXEAN HARTU:
“Dabiden seme Jose ez izan beldurrik, Maria, zeure emaztea, etxean hartzeko”. Mateoren ebanjelioak aingeruak Joseri egin zion bisitaldia eskaintzen digu. Josek Jainkoaren plana onartzen du. Gizon santu honek Jaunaren nahia bihotzean hartzen du, Mariarekin batera.
“Abendualdi” hitzak “etorrera” esan nahi du. Denbora berezi honetan zerbaiten, norbaiten, bisita itxaroten dugu. Baina espera honek badu epe bat: ailegatu da garaia. Salbamen eguna dela eta Jainkoaren bisita onartuko edo errefusatuko dugu.
Jose zintzoak Jainkoaren bisita onartu zuen. Haren etxean, haren bihotzean, haren bizitzan, Jainkoa sartu zen aingeruaren albistea eta Maria (Haurrarekin) onartzerakoan. Guretzat ere Gabonak Jainkoaren Berri Ona, familia, lagunak, etxean hartzeko garaia da. Bisita horren aurrean…zein izan behar du gure jokabideak? Bihotza zabaldu eta etxean hartu.
Ikas dezagun Joseren etsenpluaz: berak errealitatea onartu zuen. Jainkoa guregana etortzen da gauden egoeran, ondoan daukagun jende artean datorkigu. Denok jende ezberdinarekin, agian federik ez duen jendearekin, elizatik urrun dauden jendearekin egongo gara egun hauetan. Haiei ere kristau harrera on bat ematea gure eskura daukagu. Emanuel Haurra “Jainkoa Gurekin” ateetan daukagu. Zabal diezaiogun bihotza.
ABENDUALDIA III: BOZKARIOA
BOZKARIOA
“Poztuko dira basamortua eta lur agorra, alaituko basa-lurra eta lilia bezala loratuko”. Abendualdiko hirugarren igande honetan alaitasuna berpizteko deia hartzen dugu. Elizak, ohiturak jarraituz, igande horiari “Gaudete” deitzen dio, hau da “poztu zaitezte” eguna.
Kristauok gauza asko esaten dugu Jainkoari buruz: Jauna maitasuna, egia, justizia, poztasuna, alaitasuna dela esaten dugu. Hori guztia badakigu, bai, baina kristauok, gure bizimoduarekin batzuetan beste gauza esaten dugu: maitasuna, alaitasuna, ongi izatea lehendabizikoa, Jainkoa, dela esanez. Agian, gure bizitzan, mundu honetako poztasun txikiak Jainkoak ematen digu alaitasun iraunkor baino lehen bilatzen ditugu.
Ez dugu errefusatu behar mundu hobe bat eta benetako alaitasun baten itxaropena. Kristauok errealitatea aldatzera, mundua Jainkoaz betetzera deituak gara. Jaungoikoak gure artean egon nahi du eta ziurtasun hori ez dugu galdu behar.
Sinesmenak, esperantzak , zalantzak ez dituzte kentzen baina ez dugu amore eman behar. Munduko egoera ikusiz alaitasunezko eta esperantzazko motiboak edukitzea ez da batere erraza, baina Kristok gizakien esperantza gainditzen du. Berak esaten digu: “Fidatu nitaz”, “poztu zaitezte!”
Ondoan dauzkagun jaietan hurbilagoak, gozoagoak, eskuzabalagoak izan gaitezen Jauna gure guregana dator, atez joka. Gure bihotzaren ateak zabaldu ditzagun
RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)
RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL 28 DE ABRIL AL 4 DE MAYO La efigie de San Mi...
-
SAKANA Una visión Histórico-Artística de la Barranca-Burunda Marco Físico y Humano La Barranca-Burunda (Sakana) o Corredor del Arak...
-
NUESTRA UNIDAD DE ATENCIÓN PASTORAL GURE PASTORAL ARDURA GUNEA EQUIPO DE SACERDOTES: PÁRROCOS IN SOLIDUM : (Los 4 son párrocos de todo e...
-
RECORRIDO 2025 MARZO 2025 día 23, III Domingo de Cuaresma : 10:00 Arruazu, 12.30 Lakuntza día 29, sábado : 17:00 Sagües; 19:15 San Bla...




.jpg)




