ZORIONEKOAK


 

ZORIONEKOAK:

Sorioneku”. Hitz hau asko entzun da azken aldi honetan. “Irulegiko eskuan” idatzita omen dago, euskara zaharrean idatzitako lehen agirian alegia, Kristo aurreko azken mendean. “Sorioneku”, “zorioneko” zergatik? Zer ezkutatzen du mezu horrek? Pixka bat beranduago Mateok bere ebanjelioa idatziko zuen Kristo ondorengo 80. urte inguruan. Igande honetan Mateoren ebanjelioari jarraituz katekesi luze bat hasiko dugu: Mendiko Hitzaldia. Irakaskuntza hori zoriontasunekin hasten da.

Zorionekoak gogoz behartsuak, otzanak, negar egiten dutenak, zuzentasunaren gose egarri direnak, errukitsuak, bihotz garbiak, bakegileak, erasotuak”. Sermoi honekin Jesusek bere bizi publikoa aurkezten du. Mesiasek dakarren Jainkoaren Erreinua ez da munduak espero zuena. Baina zoriontasunen mezua, Jainkoaren Erreinua gure artean Sofonias profetak anuntziatu zuen, Israelgo hondarrari buruz predikatuz. Jainkoak bakezko, maitasunezko, errukizko jendea maite du eta Berak bere lana isilean egiten du gure artean lehen, orain eta beti.

Gaur egun gure kristau komunitatetan ahuleria eta txiki izatea sumatu ditzakegu…”Israelgo Hondarra” izatea zer den ulertu dezakegu. Baina egoera honetan ere Jaunaren testigantza xumea eman dezakegu. Zoriontasunen indarra Jainkoarena da, Bera da gure zori betea. Poztu gaitezen, beraz, eta alaitu, sari haundiaren zain gauden bitartean.

JAUNAREN HITZA BATASUNAREN BIDEAN LAGUN


 

JAUNAREN HITZA BATASUNAREN BIDEAN LAGUN:

Igandean Urtean Zeharreko hirugarrena ospatuko dugu. Honetan Jaunaren Hitzaren igande berezia dugu. Igandero bai Eukaristiaren bai Hitzaren mahai inguruan biltzen gara. Igande honetako ospakizunean modu berezi batean Jaunaren Hitza estimatzera deituak gaude. Jainkoa mintzatzen zaigu, horregatik diszipulu, ikasle bakoitzak entzuteko gogoa landu behar dugu.

Gainera aste honetan Kristau Batasunaren aldeko Astea ospatzen dugu. Jainkoaren Herria zatituta dago eta berriro elkartzeko ahaleginak egin behar ditugu. Elkarren arteko otoitza batasuna eraikitzeko oinarri on bat izan daiteke. Baina, horretaz aparte, elkarrekin daukaguna baloratu eta landu behar dugu: Berri Ona, fedea, kerigma, bataioa eta, batez ere, Jaunaren Hitza. Jaunaren Hitza beti dugu lagungarri kristau bidean, baita batasuna berreskuratzeko saiakeran ere. Gure komunitatetan eta gure kristau bizitzan Hitzaren presentzia ezinbestekoa da. Nola indartu Hitzaren presentzia elizan, gure kristau elkartetan, pertsonal arloan…? Elizaren Tradizioak tresna baliotsuak gure eskura uzten dizkigu: eguneroko ebanjelioa, Biblia taldeak, Lectio divina, Orduen Liturgia… ez dugu aitzakiarik.

“Jainko Jaunak hitz egiteko trebatu nau, goizero dit belarria ernearazten, ikasle onari bezala” (Is 50,4) dio Isaias profetak. Jaunak Bere Ahotsa aditzeko eta senideei entzuteko ahalmena ematen digu. Zabal diezazkiogun bihotza eta gogoa Jaunari.

TESTIGUAK


 

TESTIGUAK:

Nik aitortzen dut: Hau da Jainkoaren Semea”

Pasa den astean Jaunaren Bataioa ospatu genuen Eguberri aldiari bukaera emanez. Urtean zeharreko erritmoa hartuta gaudelarik, igande honetan Joan Bataiatzailea eta Jesus berriro agertzen zaizkigu. Bataio ondoren Joanek Jesusen testigantza ematen du: Jesus Jainkoaren aukeratua dela, Israelgo herriari hitz emana zegoena, berriro Jainkoarengana eramaten gaituena. Joanen testigantza ez da berea, Jainkoarena baizik.

Poz haundi baten berri ona dakarkizuet” dio eguberri gauerdiko ebanjelioak. Belengo artzainak bezala salbazioaren berri ona jaso dugu. Guk ere testiguak izateko deia jasotzen dugu. Eguberritan argi bat piztu da gure bihotzetan eta argi hori pizturik, bizi-bizi mantentzea da Kristoren ikasle eta testigu garenon eginbeharra.

Gazte maiteok: bilatzen duzuen, merezi duzuen zorionak badu izen bat, aurpegi bat: Jesus Nazaretarra” esan zien Aita Santu Benediktok gazteei 2005ean. Testigantza eman ahal izateko ezinbestekoa da Kristorekin topaketa pertsonalak edukitzea. Testigantza ematea ez da hitzez mezu bat zabaltzea, hori askotan beharrezkoa izan arren. Testigantza ematea bizi bat da, barrenean daramagun Kristoren bizitza, erakustea da.

Kristoren presentzia bizia gure ondoan, gure munduan daukagu. Jainkoaren Semea, behar dugun Berri Ona, bihotzeko zoriona hurbil daukagu, eskura. Bila ditzagun Jesusen arrastoak. Izan gaitezen Jaunaren lekukoak!

JAUNAREN BATAIAOA


 

JAUNAREN BATAIAOA

Jaunaren Bataioaren besta ospatzen dugu, ospakizun honekin Eguberriko denboraldia akitu da, hurrengo igandean gure eguneroko erritmoa berreskuratuko dugu. Eguberri aldian Jaunaren etorrera ospatzen dugu, baina…zertarako etortzen da Jesus? Gaurko bestak erantzuna ematen digu: bekatuaren zamatik askatzeko.

Aldi hartako judutar zintzoek, baita gu ere, garbitzeko, barkatzeko, bihotz berritzeko beharra Jainkoagan hurbilago egoteko onartzen zuten. Horregatik Jesusi bekatarien lerroan ikustea bataioa hartzeko arraroa iruditzen zaigu. Jainkoa, santua, bekatu gabea, bekatariengana, guregana hurbiltzen da. Jesusek hurbiltasun horrekin Jainkoaren benetako aurpegia erakusten digu: Jauna ahulen ondoan dago “kanabera pitzatua ez du hautsiko, doi-doi piztua dagoen metxa ez du itzaliko” Isaias profetak ots egiten du. Jainkoaz fidatu gaitezen, bere hurbiltasunak bizi berri batera eramaten gaitu.

Bataioagatik bekatuari uko egin diogu baina gure ahultasunak berriro bekatu egitera eramaten gaitu. Ala ere ez dugu amore eman behar!. Jauna beti prest dago guri barkamena emateko, bataioaren garbitasuna berriro itzultzeko. Horregatik Elizak barkamenaren sakramentua, aitortza, eskaintzen du. . Sakramentu honetan Espiritu Saindua guregana etortzen da, Jordan ibaiaren antzera. Jaunaren ahotsa gure barrenak ere entzun dezala Hau da nire semea, nire maitea, berau dut atsegin”.

URTEBERRIA MARIAREKIN


URTEBERRIA MARIAREKIN:

Mariak gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz”

Igande honetan Andre Maria Jainkoaren Amaren bestaburua ospatuko dugu. Jaia urtarrilaren batean ospatzen da, hau da: Urteberri egunean. Urteberri etxean ospatzeko eguna da, familia biltzeko eguna. Horregatik Ama Mariak bere lekua eduki behar du urte berriaren hasiera honetan.

Urte berri bat hastean proiektuak, ideiak, asmo onak, agertzen dira. Batzuetan zerbait aldatzeko edo hobetzeko gogotan gabiltza eta hori seinale hona da. Baina berehala edo errealitatea edo gure ahuleria agertzen da. Egoera honetan…non finkatu gure asmo onak? Non bilatu indarra? Zertaz fidatu? Begira diezaiogun Mariari.

Maria Eva Berria da, hala deitzen dio Elizako Tradizioak. Maria Jainkoaren Ama ospatzerakoan Maria Jaunarena dela adierazten dugu. Noren planak dira Mariarenak? Jainkoarenak. Horregatik, nahiz eta estualdi gorriena ezagutu, konfiantza eta fedea gure Amak ez zituen galdu. Mariak fedea bere bihotzaren intimitatean gorde zuen, altxorra kutxan gordetzen den bezala.

Urte berrian lehenaldiari errukiarekin eta geroari esperantzarekin begiratzeko aukera dugu. Ikas dezagun Mariaren, Amaren, jokabidea: Jainkoaren nahia bilatu, onartu, eta bihotzean hausnartu. Finkatu dezagun gure bizitza Jaunagan. Berak deitzen gaitu ez urte berri bat bizitzera, gizadi berri izatera baizik. 

 

RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)

  RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL   28   DE ABRIL AL    4    DE MAYO           La efigie de San Mi...