AMETSETAN ERNE
AMETSETAN ERNE.
“Zaudete erne”. Deialdi honekin elizaren urte berri bat, ziklo berri bat, hasiko dugu. Urte honetako kristau bidean, Mateo izango dugu lagun. Ebanjelioa, modu berezi batean, elizari buruz mintzatzen zaigu, horregatik Mateorenari, elizaren ebanjelioa deitzen diogu.
Ebanjelioak Jaunaren etorrera itxarotera gonbidatzen gaitu. Gizonaren Semea etorriko da, ez dakigu noiz, hori dela eta prest egon behar garela oroitarazten digu Jesusek. Abendualdian Jaunaren etorrera atetan dago eta, ondorioz, gure bihotzak prestatu behar ditugu harrera hoberena Jaunari emateko. Denbora berezi honetan geldialdi bat egiten dugu gure bizitza aztertzeko.
“Ez du herrik herriren aurka ezpatarik jasoko” dio Isaiasen profeziak. Profetaren hitzak amets bat ematen du: mundu berri bat, Jainkoak maite duen bezalako mundu bat. Ametsak inportanteak dira, Biblian askotan Jainkoaren mezua ametsetan agertzen da. San Josek berak Maria haurdun dagoelako berria amets batean jasotzen du. Zein da nire ametsa? Zer aldatu nahiko nuke munduan eta nire bizitzan?
Abendualdia erne egoteko, errealitatea begiratzeko eta Jainkoaren ametsa eraikitzeko garai aproposa da. Kristau urte berri bat, aukera berri bat, gure kristau santutasun bidean aurreratzeko. Aprobetxa dezagun Jaungoikoak oparitzen digun graziazko denbora hau Haren Erreinua eraikitzeko.
JESUS NAZARETARRA, JUDUEN ERREGEA
JESUS NAZARETARRA, JUDUEN ERREGEA :
“Jesus oroi zaitez nitaz zeure erreinura iristean”. Igande honetan Kristo Errege bestaburua ospatuko dugu. Ospakizun haundi honekin ematen diogu agurra urte liturgikoari. Urte liturgiko edo ziklo bakoitzak Jesukristoren Erregetzaren alderdi desberdin bat eskaintzen digu. Urte honetan, Lukasen zikloan, Kalbario mendi gainean jartzen dugu begirada, Kristoren errege aulkia gurutzea da, koroa arantzazkoa, titulua “INRI”, bere boterea errukia, barkamena.
Gaurko munduan erregeei eta agintariei mesfidantzarekin edo ilusiorik gabe begiratzen diegu: ustelkeria, gezurra, iruzurra, bakoitzak bere interesa bakarrik bilatze… aipatzen ditugu. Kristoren erregetza, ordea, ez da mundu honetakoa, Jaunak, gurutzetik aldatu zuen mundua. Maitasunezko keinu haundienak berritu zuen mundua, behin betikoz. Baina non ote dago Erregetza berri hori gaurko egunean?
Jaunaren Erreinu hori gure artean dago. Jainkoaren Erreinuak bere laguntzaile ditu jende onak, errukitsuak, leialak, isiltasunean Jainkoaren erreinua eraikitzen duten jendeak. Itxaropena ez dugu galdu behar. Jaunak ez gaitu baztertzen.
Kristauok, bataioari esker, profeta, apez eta errege izatera deituak gaude, Jainkoaren erreinuko langile izatera deituak. Datorren astean Abendualdia, Kristoren etorrera prestatzeko denbora berezia hasiko da. Aprobetxa dezagun graziazko denbora hori bihotza aldatzeko, Erreinuaren Iristea gure itxaropen izan dadin.
IGANDEA XXXIII - EZ IKARATU!
EZ IKARATU!:
“Gerra eta iraultza hotsak entzutean ez ikaratu”
Azken asteetan Lukasen ebanjelioa gure epai okerrei buruz mintzatu zitzaigun. Aste honetan beste epai bat agertzen da: Azken Egunekoa. Ebanjelioak ikuspuntu apokaliptiko bat proposatzen digu: borrokak, lurrikara, goseteak…. mundu hau ustelkorra da, ez du betiko iraungo. Datorren igandean, Kristo Errege ospatzerakoan, Jainkoaren maitasunezko planari begiratuko diogu, igande honetako ebanjelioak bestaburu haundi hori prestatzen laguntzen digu.
Munduko krisia. Gaurko egunean eztabaida hori kalean pil-pilean dago. Aita Santuak berak, askotan, elizaren kezka adierazten du gai larri batzuk ukituz: etorkinak, justizia eza, klima-aldaketa… hori guztia munduan erraz ikusi dezakegu…eta Elizan? Fedearen krisia ere, gazteengana hurbiltzeko zailtasuna, apostasiak, batasunik eza eta zatiketak… egoera honetan posible al da esperantza mantentzea?
Askotan, munduko espiritua jarraituz, ihesbideak bilatu ditzakegu: berriketei inportantzia emanez, errealitatea ez ikusiz, gure komunitatea kanpoan dagoenari itxiz… besteak beste. Horrek guztiak ez du laguntzarik ematen. Gaur, inoiz baino gehiago, Elizan Kristoren garaipenaren testigantza ematera deituak gaude. Nola? San Paulok esaten duen bezala lan eginez bakean eta testigantza apal bat emanez. Presta dezagun Jaunaren Etorrera munduan argi eta gatz izanez. Beldurrak ez du irtenbiderik. Atera gaitezen mundura, misiora, Espirituaren ausardiaz beterik.
IGANDEA XXXII - SINESTEN DUT HILDAKOEN PIZTUERAN
SINESTEN DUT HILDAKOEN PIZTUERAN:
“Ez da, beraz, hilen Jainko, biziena baizik” dio igande honetako ebanjelioak. Azaroan gaude. Hilabetea Santu Guztien eta Hildako Guztien festekin hasi da. Azaroan zehar kristau itxaropena, betiko bizitzaren saria, modu berezi batean finkatu nahi dugu.
“Sinesten dut haragiaren piztueran eta betiko bizitzan” aitortzen du kristau sinesmenak, igandero mezan berritzen dugun fedeak. Elizak hildakoen piztuera hasieratik aitortzen du. Sinesmenaren lehenengo sinboloek, lehenbiziko kredoek, laugarren mendean idatziak, Kristoren piztuera aitortzen dute, baita hildakoena ere. Gainera, judutar tradizioak ere sinesten du hildakoen piztueran, igande honetako ebanjelioak eta Makabearren liburuak argi uzten duten bezala. “Izadiaren erregeak biztu egingo gaitu betiko bizirako” lehenengo irakurgaiak dioenez.
Baina sinesmen hori mantentzea ez da batere erraza. Lehenbiziko kristauek paganoekin, eta hereje zenbaitekin, eztabaidan ari izan ziren, bereziki Kristoren eta hildakoen piztuerarengatik. Gaurko globalizazioan ere sinesmena mantentzea zaila da. Bestelako modak tradizioak eta filosofiak zabalduz doaz gure artean, gure fedearekin parekatuz eta kristau egia gutxituz.
. Bataioaren bidez Kristorekin bat izatera deituak gaude, bai bizitza honetan, bai datorren bizitzan. Gogora dezagun San Paulok esana “Jainko gure Aitak hain maite izan baikaitu, betiereko poza eta zorionaren itxaropena eman digu”.
RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)
RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL 28 DE ABRIL AL 4 DE MAYO La efigie de San Mi...
-
SAKANA Una visión Histórico-Artística de la Barranca-Burunda Marco Físico y Humano La Barranca-Burunda (Sakana) o Corredor del Arak...
-
RECORRIDO 2025 MARZO 2025 día 23, III Domingo de Cuaresma : 10:00 Arruazu, 12.30 Lakuntza día 29, sábado : 17:00 Sagües; 19:15 San Bla...