IGANDEA XXXI - JAUNARI ATSEGIN ZAIONA:


 

JAUNARI ATSEGIN ZAIONA:

Pasa den igandean fariseu harro eta zergalari apalaren parabola ikusi genuen. Jesusek, bere bizitzarekin, kontatzen dituen parabolak errealitate bihurtzen ditu. Horregatik, igande honetako ebanjelioan, zergalari batengana, bekatari publiko batengana, Zakeorengana hurbiltzen da, Jainkoaren errukia azalduz.

Guztiei barkatu egiten diezu, zureak baitituzu, bizidunen adiskide zaren Jaun horrek” dio Jakinduriaren Liburuak lehen irakurgaian. Itun Zaharrean bertan mezua argi dago: Jaungoikoak bizia maite du, eta beti prest dago gurekin bakeak egiteko, bekatuak eragiten digun mina sendatzeko. Kristok, Jainkoaren Aukeratuak, misio bat du: Jauna eta mundua berriro adiskidetu. Pekatuaren kaltea ez da arina, zauri hori sendatzeko gurutzearen terapia beharrezkoa izan zen. Zakeok Jaunaren errukia behar du Jainkoarekin, herriarekin, eta bere buruarekin bakeak egiteko. Eta guk….errukiaren premia sumatzen ote dugu?

Gaixo dauden gehienek osasuntsu daudela esaten dute” dio Niniveko Isaak gizon santuak. Denok, Zakeok bezala, pasa den asteko zergalariak bezala gure zauria daramagu. Nola sendatu min sakon hori? Jaunaren errukia da gure sendabide bakarra.

Urbil gaitezen, beraz, Jainkoarengana gure ahultasuna aitortuz eta Haren Betiko Errukia onartuz. Gogora dezagun Lisieuxko Teresa Santuak esana: “Jaunari atsegin zaiona nire arima txikian, nik nire ezereza eta pobrezia maitatzea da”.


IGANDEA XXX - NIRE LEKUKO IZANGO ZARETE:

 



NIRE LEKUKO IZANGO ZARETE:

Nire lekuko izango zarete” dio aste honetako Domund kanpainaren goiburuak. Igande honetan, farisear eta zergalariaren istorioa kontenplatzen dugu. Jaungoikoak bihotz barrena ikusten eta apaltasuna estimatzen duela erakusten digu. Jainkoa zuzentasun zale da, egizale, eta modu honetan epaitzen du, maitasuna eta zuzenbidea mantenduz. Ebanjelioko parabolan beste epaile bat agertzen da: farisearra. Harrokeriaz Jainkoaren lekuan egoten dela. Kanpotik ikusita, ziur aski, gizon zuzena eta Jainkozale bezala agertzen da, baina bere bihotzean ez du Jainkoren beharrik, bere azaleko zuzentasunarekin nahikoa du.

Gaurko munduak badu zuzentasunaren, justiziaren, Jainkoaren premia. Jesusek mundua eta bihotzak aztertzen ditu eta errukizko epaile bezala agertzen da. Egoera honetan zein da kristauon jokabidea? Testiguak, lekukoak izan.

Bataioaren bidez Kristoren lekukoak izateko deia jasotzen dugu. Testigantza hori misioan egiaztatzen da. Gaur egun misiolariek misioaren deia kanpora, munduko bazterretara joateko deia jasotzen dute. Haien testigantza apalaren bidez Jaun errukiorraren aurpegi bizi dira. Eutsi diezaiogun Eliza misiolariaren lanari gure otoitzarekin, kontzientziarekin eta laguntza ekonomikoarekin.

Har dezagun kristau testigantzaren bidea farisearraren zuzen bidea eta zergalariaren bihotz apala eta damutua edukiz. Eskerrak eman diezazkiogun Jaunari Harengana urbilduz eta umiltasunez Jainkoaren lekukoak izanez.


IGANDEA XXIX - OTOITZEAN ETA FEDEAN SENDO

 



OTOITZEAN ETA FEDEAN SENDO:

Gizonaren Semeak datorkeenean aurkituko ote du horrelako sinesmenik?”

Aurreko igandetan fedearen dohaina ikusi genuen. Igande honetan, ordea, Jesusek fedean sendo iraun behar dugula esaten digu; hori adierazteko kontatzen digu alargunaren eta epailearen parabola. Alargunak zuzenbidea eskatzen dio epaileari eta ez du amore ematen eskatzen duena lortu arte. Alargunak zuzen dena bilatzen du eta horretan irauten du. Emakumeak Jainkoagan, fedean, du Itxaropena eta, azkenean fedeak irabazten du. Zuzenbidea eta justizia bilatzen ote ditut? Nire ekintzak fedearekin eta otoitzarekin batera ote doaz?

Zaude sendo, ikasi eta sinetsi duzun guztian” Aholkatzen dio San Paulok Timoteori. Nola dago nire fedea? Nola handitu sinesmena eta iraun sendo bertan? “Liburu Santuek eman diezazukete jakinduria” dio apostoluak ikasle gazteari. Jaunaren Hitza beti izan behar dugu bidelagun Jaunaren argitan ibiltzeko. Kristauok ez dugu horretarako aitzakiarik…Jainkoak ematen dizkigun dohainak ezagutu, estimatu eta erabili beharko genituzke.

Ekin, egoki denean eta ez denean; gogor egin, estu hartu, eskatu pazientzia handiz” esaten digu San Paulok. Indartu dezagun ,beraz, gure fedea, otoitz eginez eta zuzenbidea bilatuz, Moisesek bezala gure besoak eta gure otoitza etengabe gora jasoz.


RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA (2025)

  RECORRIDO DE LA EFIGIE DE SAN MIGUEL DE ARALAR EN PAMPLONA, DEL   28   DE ABRIL AL    4    DE MAYO           La efigie de San Mi...