ELIZAREN UDABERRIA:
Mendekoste, Espiritu Santuaren etorrera. Bestaburu honekin bukatzen dugu Pazko aldia. Espiritua gure artean dugun Jainkoaren presentzia bizia da. Espiritua gure munduan modu ezberdinetan egoten da. Presentzia batzuk ezagunak: Elizan, sakramentuetan, otoitzean eta besteak ez hain ezagunak. Jauna gurekin dago mila modutan.
“Era askotakoak dira dohainak, baina bat bera Espiritua” San Paulok gogoratzen digu korintoarren epistolan. Espirituak bere lana egiten du, batez ere Elizan, Jainkoak behar duguna beti ematen digu. Vatikano II Kontzilioa eta gero Espirituak elizaren barrena biziarazten du. Nola? Batez ere eliz mugimendu eta errealitate berri ezberdinetan.
Gure kristau gizarte tradizionala aldatzen ari da, baina horren ordez, Espirituak beste hainbat bide zabaltzen dizkigu. Elizan bada aniztasuna, dohain asko, errealitate ezberdinak loratzen dira. Juan Pablo II egoera hori ikusirik Elizaren udaberriari buruz mintzatu zen, esperantzazko seinaleak azpimarratuz. Kristau guztiok elizaren aberastasun hori ezagutu, estimatu eta zabaldu beharko genuke.
Ospa dezagun igande honetan Elizaren, Espirituaren egun berezia. Kristauok Espirituaren dohainaren testiguak izatera deituak gaude. Konfiantza osoz, besta honetan eska diezaiogun Espirituari: “Zatoz eta bete bihotzak, piztu gugan maite sua”.